Aberastasunaren zerga izango dute 700.000 eurotik gorako ondasunek

Leire Kortabarria 2012ko irailaren 21a

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren aurreproiektua aurkeztu du Foru Aldundiak. Asmoa da urtarrilaren 1ean jartzea martxan, eta indarrean dagoen Ondare Zerga ordezkatzea. 700.000 eurotik gorako aberastasunei aplikatuko zaie.

Aldundiko ordezkarien esanetan, "ondare-antolakuntzak kontrolatzeko asmoa agertzen du proiektuak", eta zergetatik ihes egiteko bideak ixteko helburua du. "Horrez gain, ondasun ekonomikoak modu efizienteagoan erabiltzeko aukera ireki nahi du, erabilera produktiboa sustatzeko balio baitu, eta ez erabilera espekulatiboak sustatzeko", gaineratu zuten atzo, eguena, egin zuten aurkezpenean.

Zerga aurreproiektua Batzar Nagusietara bideratuko da, Diputatuen Kontseilutik pasa ondoren.

Jendarteari on egitearren, 100.000 euroko muga

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergak pertsona fisikoen aberastasunari eragingo die. Orain indarrean dagoen Ondare Zergan bezala, 700.000 eurotik gorako aberastasunei aplikatuko zaie, eta ohiko etxebizitzarengatik 300.000 euroko salbuespena izango da. Aberastasunaren zergak pertsona fisikoaren titularitzapean dauden ondasunak eta eskubide ekonomikoak zergapetuko ditu, zorrak eta obligazioak kenduta.

Proiektuak salbuespen berriak ezarriko dizkie zenbait ondasuni: haien jabetzak edo erabilerak jendarte osoari zein ingurumenari on egiten badio, 100.000 euroko muga izango dute. Horrez gain, orain arte jarduera ekonomikoei atxikita dauden onuradunak eta eskubideak Ondare Zergatik salbuetsita egon dira, baina aurrerantzean ez dira egongo, eta %75eko hobaria aplikatuko zaie. Aberastasun handiek zergak saihesteko erabili izan duten zirrikituari atea itxiko zaio modu honetan, Foru Aldundiak nabarmendu duenez.

Zergaren tarifak lau tarte izango ditu, oinarri likidagarriaren arabera aplikatuko direnak. 500.000 eurora arteko oinarri likidagarriei, %0,25eko tasa aplikatuko zaie; 500.000tik milioi 1era artekoei, %0,5ekoa; 1,5milioitik 3 milioitara artekoei, %0,75ekoa; eta 3 milioitik gorakoei, %1eko. Oinarri likidagarria kalkulatzeko, oinarri ezargarriari salbuetsitako 700.000 euroak kenduko zaizkio, eta dagokionean 300.000 eurora arteko murrizketa egingo da ohiko etxebizitzarengatik.

6.000 lagun inguru

Estimazio gisa, 6.000 pertsona ingururi eragingo die neurriak, alegia PFEZko zergapeko guztien %1,5i. Horietatik, erdiak tasa minimoa ordainduko dute. 3 milioi eurotik gorakoak, tasa maximoa ordainduko dutenak, 400 inguru izango dira. Honen guztiaren bidez, Ondare Zergarekin baino %20 bilduko da.

Zerga berriak kuota osoaren gaineko muga desagerrarazten du. Muga horrek aberastasun handien tasa efektiboa tasa nominala baino askoz txikiagoa izatea ahalbidetzen zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak