Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak emandako datuen arabera, 25 zutabe ditu, 13 eta 83 metro artekoak. Erdikoak A forma du. Goiko plataforma 14 metro zabal da, eta egokitua dago abiadura handiko trenek nazioartean duten bidea halako bi eraiki ahal izateko.
Zubibideak zeresan handia eman du lehendik ere. Izan ere, 2010eko otsailean, hura eraikitzeko lanen ondorioz, lur-jausi handi bat gertatu zen inguruan. Ezbehar horren ondorioz, urtebete baino gehiago eduki zuten Gasteizerako errepidea itxita.
Arrasate eta Aramaio arteko zatia 3,3 kilometro da luze, eta, aipatutako zubibideaz gain, Etxebarriko zubia (307 metro) eta Atxetarriko tunela (500 metro) ditu.
Lanen egoera
Baina Aramaio eta Arrasate arteko zubibidea eraikitzeko lanak ez dira berriki amaitu dituzten bakarrak: Euskal Trenbide Sareak aste honetan bertan amaitu ditu Ezkio-Itsaso eta Beasain arteko zatiaren tunel bateko lanak.
Azpiegitura osoaren 13,68 kilometro amaitu dituzte 2006tik; urtean bi pasatxo. Zehazki, obren %68 daude martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 114,12 kilometro, hain zuzen.
Adifek aurreratuak ditu lanak Araban eta Bizkaian. Legutio-Arrratzua-Ubarrandia II (Araba) eta Durango-Abadiño (Bizkaia) zatiak amaituak ditu, eta gainerako ia guztiak ari da eraikitzen. Gipuzkoan, Jaurlaritzak lanak hasi ditu zati guztietan, Astigarragatik Donostiara eta Irunera salbu.
Nafarroan, foru gobernuak eraiki behar dituen 69,89 kilometroetatik 14,7 kilometro egongo dira martxan hilabete honetan bertan. Bestalde, Frantziako Gobernuak Lapurdiko AHTaren lanak geldiarazi eta bi urtez atzeratu zituen iaz.