Oñati, Leintz Gatzaga, Aretxabaleta eta Arrasatekoak izan dira txertoa hartzera joandako erretiratuak.
Konplikazioren bat duten pertsonen kasuen ondorioak larriagoak izatea ekiditeko gomendatzen dute txertatzea profesionalek. Izan ere, txertoak saihestu egiten du gripe kasu oso gogor edo oso larri bat izatea eta sintomatologia txikitu egiten du.
Txertoa hartzeko nork bere herriko osasun etxera edo anbulatoriora jo beharko du, aurrez txanda hartuta. 65 urtetik gorakoen kasuan, nahikoa da osasun-txartel indibiduala edo nortasun agiria eramatea; arrisku talderen batekoa izanez gero, ohiko medikuarengana joan beharko da papera hartzera.
Etxean dauden ezinduek etxean bertan hartzeko aukera ere izango dute; horretarako, nor bere mediku edo erizainarekin jarri beharko da harremanetan.
Horrez gain, herri bakoitzean txertoak emateko bestelako hitzorduak ere egingo dituzte: auzoz auzo edo erretiratuen egoitzetan, besteak beste. Arrasaten, esaterako, bihar, etzi, astelehen eta martitzenean hainbat zaharren egoitzatara joango dira.
Hasiera ona
Esan moduan, astelehenean hasi ziren kanpainarekin eta Arrasateko anbulatorioan esan digute ondo hasi dutela kanpaina. Hauxe esan digu Cristina Artxeliz erizainak: “Astelehenean gutxi gorabehera txertoen gela honetan 80 pertsona inguru txertatu genituen. Atzo, berriz, 100 baino gehiago izan ziren. Gero, erizain bakoitzak bere gelan kontsultara doazenei ere jartzen dizkiete txertoak. Orduan guztira gehiago izango lirateke egunotan Arrasateko anbulatorioan txertatu direnak.”
Txertoaren kontrako kanpaina urriaren 31ra arte luzatuko da.