Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak Fagor Ederlan eta Cikautxoko lantegiak inauguratu ditu Kunshango (Txina) Mondragon enpresa parkean, Shangaitik hurbil. Inaugurazio ekitaldian, Industria ministroaz gain, Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Turismo eta Merkataritza sailburuak, Li Jun Kunshan Alderdi Komunistako Idazkari Nagusiak eta Txema Gisasola Mondragon korporazioko Kontseilu Errektoreko lehendakariak ere parte hartu dute.

Jende asko batu da inaugurazio ekitaldian.
Inbertsio handienetakoa
Proiektu biak abiarazteko kooperatibek batera egindako inbertsioa 40 milioi ingurukoa da, industria arloan Espainiako enpresa batek Txinan planta bat ezartzeko orain arte egin duen inbertsio handienetakoa. Fagor Ederlanek txasis osagaiak egingo ditu Txinako automobilgintza industriarako, eta proiektu horretarako 30 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa behar izan dute. Cikautxok, berriz, piezak eta multzoak fabrikatuko ditu polimerozko materialez eta, horretarako, 7 milioi euro baino zertxobait gehiagoko inbertsioa egin behar izan dute.
Soria ministroak Mondragon Korporazioak industria gisa duen ahalmena azpimarratu du, esanaz taldea Espainiako industriaren erreferente bihurtu dela Txinan, berrikuntza eta estrategia globala oinarri izanda.
Txema Gisasolak, berriz, Korporazioak nazioartekotzeko duen estrategiaren garrantzia azpimarratu du eta gaineratu du multilokalizazioa dela egoitza nagusietako lanpostuak hoberen defendatzeko estrategiarik egokiena. Era berean, Gisasolak esan du Txina herrialde gakoa izango dela Mondragon Korporazioaren garapenean: "Aurreikusita daukagu datozen bost urteetan gure jarduera nabarmen areagotzea zonalde honetan, bai erosketei dagokienez (% 10etik % 25era igarota) bai salmentei dagokienez (% 12tik % 25era)".
Juan Mª Palencia Fagor Ederlaneko zuzendari orokorrak eta Victor Arrizabalaga Cikautxuko zuzendari orokorrak konpainia bien estrategia globala nabarmendu dute.
Fagor Ederlan Autoparts (Kunshan)
Fagor Ederlan Autoparts (Kunshan) Kunshango enpresa parkean dago eta 2012ko lehen hiruhilekoan ekin zion bere jarduerari. Aluminiozko segurtasun piezak egiten ditu, presio baxuko teknologiarekin. Gaur egun, 40 pertsonak egiten du bertan lan eta aurtengo fakturazioa 14 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten dute. Bestalde, enplegua sortzearekin lotutako aurreikuspenei dagokienez, 4 urteko jardueraren ondoren, bertako langile kopurua 100 lagun baino gehiagokoa izango dela uste dute.
Hasierako jardueraren oinarria da aluminiozko portamangeten galdaketa eta mekanizazioa. Lantegiak 1 milioi pieza egiteko gaitasuna du, baina onartutako hazkunde planaren arabera, 3 urteko epean, gaitasun hori bikoiztu eta, merkatuak hala eskatuz gero, hirukoiztu ahal izango du.
Fagor Ederlan Autoparts duela 10 urtetatik Arrasateko enpresa nagusian lanean ari den taldeko beste lantegi baten erreplika dela esan dezakegu, baina merkatuko punta-puntako automatizazio prozesuak eta teknologia erabiltzen ditu. Horri guztiari esker, Txinako merkatuan, pieza mota horiek egiteko lehen erreferentzia da.
Baina jarduera ez da soilik produktu horretan oinarrituko eta txasiseko piezen irtenbide osoak eskainiko dituzte: burdinazko portamangetak, diskoak, kaliperrak eta powertrain produktuak injektatutako aluminioan.
Berrikuntzara zuzenduta dagoenez, Fagor Ederlan taldea jarduera berriak garatzen ari da ibilgailuaren elektrifikazio teknologien inguruan. Horri esker, Range Extender motorren irtenbideetarako erreferentziazko hornitzaile bihurtu da autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoaren aplikazioetarako, eta proiektu hori bereziki interesgarria da Txinako merkaturako Txina green teknologien garapenari ematen ari den bultzada handia dela-eta. Izan ere, teknologia horien jarduerarekin lotutako ezarpenei eta ibilgailu elektrikoen erosketari laguntzak ematen ari da.
Cikautxo
Kunshango Cikautxo China lantegiak 2011ko azken hiruhilekoan ekin zion kautxuzko piezen fabrikazioari eta, gaur egun, garapeneko proiektu esanguratsuak ditu Txinako merkatuan automobilgintzako merkaturako (GM, Ford eta Faurecia) eta etxetresna elektrikoen merkaturako (BSH).
Oraingoz, Cikautxok egun dituen negozio bietako bat baino ez dago ezarrita planta berrian: estankotasuna-bibrazio aurkakoa. Negozio horretarako oinarrizko teknologia kautxuaren injkekzio bidezko moldekatzea da. Cikautxoren funtsezko beste negozioa, jariakinen eroapena, laster ezarriko da, merkatu txinatarraren eskaeraren arabera.

Cikautxoko langile bat, beharrean.
2012rako salmenten aurreikuspena 7,5 milioi eurokoa da, eta plantilla, aldiz, 65 lagunekoa. Gainera, 2014. urtean, Ford eta GM etxeen plataformak ekoizpen prozesuan sartzen direnean, negozio zifra hori hirukoiztea espero du. Izan ere, Cikautxo Chinak kautxuzko eta kautxu-plastikozko osagaiak garatzen ditu haientzat.
Cikautxo kooperatiba Mondragon Korporazioan sartuta dagoen enpresa da eta 1971. urtetik ari da lanean kautxuarekin eta plastikoarekin lotutako produktuak garatzen eta fabrikatzen. Bere jarduera, batez ere, automobilgintza (% 80) eta etxetresna elektrikoen (% 20) sektoreetara zuzentzen du.
Mondragon Txinan
Mondragon Korporazioak eskarmentu handia du Txinan. Gaur egun, Txinako Mondragon sarea kooperatiba ezberdinetako 18 ekoizpen filialek osatzen dute. Horrez gain, 22 salmenta bulego ditu lanean (Beijing, Shanghai, Kunshan, Chengdú, Nanjing, Guangzhou, Shenzhen, eta Hong Kongen) eta erosketetarako lau bulego. Azken horiek hiru ordezkaritza korporatibo dituzte eta sare osoari estaldura estrategikoa eta laguntza operatiboa ematen dizkiete.
2012ko ekitaldirako egindako aurreikuspenei dagokienez, espero du salmentetan 250 milioi euroko zenbatekoa gainditzea; eta erosketei dagokienez, 300 milioi eurokoa. Mondragonek gaur egun Txinan duen plantilla 2.000 lagun ingurukoa da.
Mondragon Kunshan
Parkea 2007ko azaroaren 14an inauguratu zuten ofizialki. Industria mailako dentsitate handiko eremuan dago, Shanghaitik gertu, eta 500.000 metro koadroko azalera du. Gaur egun, parkean dauden kooperatibak eta haien jarduerak honako hauek dira:
- Orbea, bizikleten fabrikazioa.
- Oiarso, material medikoa.
- Orkli, beroketa sistemak eta segurtasuneko termopareak.
- Batz, pedaletako moduluak.
- Fagor Industrial, ostalaritzarako ekipamendua.
- FagorArrasate, automatizatutako prentsak eta lineak.
- Cikautxo, kautxuaren moldaketa eta estrusioa.
- Mondragon-Assembly, automatizazioa eta robotika.
- FagorEderlan, automobilgintzarako osagaiak.