Ahalmen eta pantaila handiagoa bai, baina lilura gutxi eragin du iPhone berriak

Jon Berezibar 2012ko irailaren 12a

Irailaren 28an ipiniko dute salgai modelo berria. Espero moduan, inor liluratu ez duen garapen tekniko on bat aurkeztu dute Apple-ekoek. Belaunaldi berri batera jauzia egin barik, iPhone-aren modelo berria aukera tekniko osatuenak dituena da. Eta, espero zen moduan, baita ere, telefono berriak pantaila handiagoa dauka, finagoa eta arinagoa da eta nobedade nagusi moduan konektatzeko kable berria dakar.

"Zinema" pantaila

Pantailaren proportzio berria 16:9 da, "zinema" proportzioa, eta neurri berriari esker hasiera pantailan aplikazioen ikono lerro bat gehiago kabitzen da. Kolorearen kalitatea ere hobetu dute.
Zehaztapen teknikoei dagokienez, prozesatzailean eta konektibitatean eman dira berrikuntza nabarmenenak, abiadura azkartu egiten dutenak. Hala, errendimendu bikoitza duen A6 prozesatzailea dakar iPhone 5ak. Bateria ere landu dute eta pantailari emandako espazio horretaz baliatu dira bateriari leku gehiago emateko. Kamerari dagokionez, iPhone 4Sarena hobetu dute.
Berrikuntza teknikoak ugariak izan dira baina ukituko ez dutena prezioa da. Lehen eskaintzen arabera, modelo librerik merkeenak 679 euro balio du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak