Murrizketei esker, irabazi gordinak %18,3 handitu dira Fagor Etxetresnetan

Leire Kortabarria 2012ko irailaren 18a

Fagor Etxetresnen irabazi gordinak %18,3 handiagoak izan dira urteko lehen erdian iazko aldi berean baino. Hain zuzen, urtarriletik ekainera arte 41 milioi euro gordin irabazi ditu, eta 2011ko lehen erdian 34,6 irabazi zituen.

Hala ere, Mondragon Korporazioko etxetresnen kooperatibak iazko lehen seihilekoan baino %8 gutxiago saldu du lerro zurian, "Europako merkatuaren aurkako testuingurua dela-eta", esan du kooperatibak.
Emaitza horien berri abuztuaren 31n eman zuten Fagor Etxetresnek.

Fagor Etxetresnek "emaitza onak" direla esan dute, eta horiek kooperatibak egin duen "barne berregituraketa prozesu esanguratsuari" esker lortu direla esan du -galerak zekartzaten jarduerak bertan behera utzi eta erabaki prozesuak sinplifikatu, besteak beste- eta baita esplotazio-gastuak eta giza-baliabide gastuak txikitu izanari. Besteak beste, "zeharkako langile" askoz gutxiago dituela, soldatak txikitu dituela eta "gastuak txikitzeko hainbat neurri" hartu dituela gogorarazi dute Fagor Etxetresnek. 

Fagor Etxetresnek merkatu-kuota hobeak dituzte orain: Espainian, %17,7koa; Frantzian, %14koa; eta Polonian, %7,9koa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak