Dena prest dute hil bukaeran mahatsa batu eta txakolina egiteko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko irailaren 20a

Aste bukaeran ospatu dute Zarautzen mahats bilketaren jaia. Gurean, jairik ez, baina lana laster egin beharko dute txakolingileek; izan ere, txakolingileek dena gertu dute hil bukaeran mahatsa batu eta aurtengo uzta nolakoa izan den ikusteko.

Uda beroa eta lehorra izan da aurtengoa; ondorioz, askok uste zuten aurtengo mahats-bilketa aurreratu egingo zela. Hala ere, azkeneko egunetan egin duen euria tarteko, mahatsa ohiko garaian jasoko dutela esan digute. Beste urte batzuetan baino mahats gutxiago jasoko dute aurten.

Debagoienean hiru dira Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan dauden ekoizleak: Arrasateko Egi Andi baserriko Kataide txakolina, Bedoñako Arta-Zubiagako Otxia txakolina eta Oñatiko Upaingo Upaingoa txakolina. Txakolin ekoizle horiez gain, badira beste baserri batzuk Getariako Txakolina izenaren barruan daudenak eta mahatsa Getariako upeltegi bati saltzen diotenak. Eta, nola ez, baserritar asko dira etxerako txakolina egiten dutenak.

Mahatsaren kalitatea 

Aurtengo mahatsa ona izango dela uste dute ekoizleek: "Kalitate aldetik ematen du ona izango dela, uda ona egin duelako, lehorra", azaldu du Haritz Galdosek, Oñatiko Murgialdai baserrikoak. Horrek mahatsaren osasun egoera oso samurra izatea ekarri du eta mahats sanoa izan dute. Hala ere, abuztuko tenperatura altuek eta batez ere eguzki-kolpeek hainbat mahats sorta erre egin dituzte.

Gainera, azkeneko egunetan egin duen euria ere onerako izango dela uste dute: "Orain euri apur bat egiten ari da eta nik uste dut hori onerako izango dela. Dagoen mahatsa handitu egingo da eta pitin bat gehiago ere irtengo da", dio Galdosek. Tenperatura altuek ez dute zertan eraginik izan zaporean. Txakolina nola egiten den, hori hartu behar da kontuan. Hala ere, teorian, gradu gehiagoko txakolina egiteko aukera egon beharko litzateke.

'Hondarribi zuri' mahatsa 

Txakolina egiteko Hondarribi zuri mahatsa erabiltzen dute, gehienbat, ekoizleek. Horrez gain, Hondarribi zuri zerratia (Petit Courbu) eta Riesling motak ere erabiltzen dituzte. Hori da Upain upeltegiko Victor Leiba enologoak esan diguna. 

Bergarako Amatiño baserrian etxerako txakolina egiten du Carlos Mendizabal txakolingileak. Hondarribi zuria-z gain, bertakoa den eta betikoa den mahatsa ere erabiltzen du. Oñatiko Murgialdai baserrian, bestalde, 1750. urte inguruko argazki bat dute; bertan ikus daiteke garai hartan mahatsa zeukatela etxean. "Orduko mahatsak bizirik iraun du, eta azkeneko landaketan sartu egin dugu", azaldu du Galdosek. Lakatzak haztegira eraman dituzte, sustraiak atera eta gero landatu egin dute.

Upainen, makinekin 

Leiba enologoak azaldu du mahats mota bakoitzak uzta jasotzeko garai bat izaten duela. Beste urte batzuetan, esaterako, astebeteko aldearekin jaso izan dute. Mahatsa jasotzeko makinak dituzte Upainen: "Makinek aukera hori ematen dute; eskuz jaso behar izanez gero, dena momentu berean egin beharko genuke". 

Aurtengo udari buruz zera dio Leibak: "Guk ez dugu lehorterik igarri, lurzoruaren azpialdean hezetasun handiagoa dugu-eta. Neguan euri asko egin zuen, eta, hain zuzen, hori da gure mahastiak duen onena: neguko euria. Lur gainean lehorte arazoak egon ahal izan dira, baina lur azpian ez. Ez dugu ur faltarik izan".

Uzta jaso aurretik datuak ematea zaila den arren, Leibak dio 60.000 kilo inguru jasoko dituztela Upainen. "Gure txakolina berezia da. Mahatsa guztiz heldu arte uzten dugu sailean, eta horrek alkohol maila 12 gradu edo 12,5 gradukoa izatea dakar. Egitura, sakontasun eta konplexutasun handiagoko ardoa da. Maiatz inguruan sartzen ditugu botiletan", dio enologoak. "Esan daiteke botilan gehiago irauten duten ardoak direla. Mahaiko ardo moduan gehiago erabiltzen da barrako ardo moduan baino", gaineratu du Leibak. "Guk uste dugu merkatuak eskatzen duen ardo mota dela, eta horregatik hartu dugu bide hori", dio.

Otxia: freskoa eta usaintsua 

Artazubiaga baserriko Felix Etxagibel buru-belarri dabil uztarekin. Hil bukaeran jasoko dute mahatsa: "Etxekook jasotzen dugu, eskuz", dio.

Aurtengo uzta beste urte batzuetakoa baino txikiagoa izango dela dio, baina, era berean, kalitate onekoa. "Udaberrian atzeratu egin zen loratzea, ohi baino astebete geroago loratu zuen", azaldu du Etxagibelek. "Baina  gerora egin duen beroarekin, betiko martxa harrapatu du". Azkeneko aste hauetan egin duen euriak oso ondo etorriko direla gaineratu du.

Otxia txakolina freskoa, usaintsua eta suabea dela azaldu du Etxagibelek. 1988an hasi ziren Artazubiaga baserrian txakolina egiten eta 2007az geroztik Getariako txakolinaren izendapena dute. "Mahatsa batu eta Getariara eramaten dugu txakolina egitera", dio Etxagibelek. Otsaila inguruan sartzen dute botiletan sagardoa eta ondoren aurkezpena egiteko ohitura izaten du Etxagibelek. Txakolin ona egin dezatela denek. Guk gustura dastatuko dugu!

-----------------

Baserri-paisaien balioak identifikatzen

Deba Garaiak, Debagoienako Landa Garapen Elkartearekin eta Gipuzkoako eta Bizkaiko beste zortzi landa garapen elkarterekin batera, landa-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimena martxan jarri du. Eskualdeka, baserri-paisaiek dituzten elementu bereizgarriak identifikatzeko eta horiek kontserbatzeko aproposenak diren ekintzak proposatzeko parte-hartze saio irekiak antolatuko dituzte. Azken hamarkadetan lehen sektoreak izan dituen aldaketen ondorioz, baserri-paisaiak nabarmen

aldatzen ari dira, eta aurrera begira hirietatik kanpo dauden landa-paisaia horiek nolakoak izatea nahi dugun erabaki beharra dago. Hausnarketa hori herritarren parte-hartzearekin egin gura dute, eta, hain zuzen, horretarako antolatu dituzte parte-hartze saioak. Debagoienean irailaren 20an (19:00etatik 21:00etara) eta urriaren 4an (19:00etatik 21:30era) izango dira saioak Oñatiko Arantzazu auzoko Aitzazabal auzo-etxean. Saioetan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik konfirmatu behar dute, posta elektronikoz edo telefonoz (paisaia.atl@paisaia.com, 943 33 50 48).

-----------------

Laster hasiko dira sagardoa egiteko sagarrak batzen

Sagarrondoak sagarrez lepo daude, nahiz eta aurten sagarrak txikiagoak izan euri faltagatik. Hain zuzen, uda lehorra izateak eragina izango du: "Nik uste dut kalitate onekoa izango dela, beroagatik azukre askokoak izango dira-eta", azaldu du Juan Antonio Aretxagak, Aramaioko Mendibitzu baserriko sagardogile eta Arabako Sagardogileen Elkarteko presidenteak.

Datorren astean hasiko dira sagarrak batzen inguruko baserrietan. Aramaion sagardogileen elkartea dute eta han egiten dute zukua. "Zukua egiteko makinak ditugu elkartean, baina hartzitu etxean egiten du bakoitzak", dio Aretxagak. Zukua elkartean bertan pasteuriza daiteke. Egun, oso preziatua da sagar zukua: "Ez dauka alkoholik, eta, horregatik, umeek ere edan dezakete", dio Aretxagak. Salmenta zuzenaren bidez ekoizleen baserrietan erosi ahal da zukua, eta baita azoka berezietan ere. Gaur egun 33 ekoizle daude Aramaioko Sagardogileen Elkartean sartuta. Gehienak Aramaiokoak bertakoak dira, baina arrasateko bi ekoizle eta eskoriatzako ekoizle bat ere elkarteko kide dira.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak