Uztailera arte zerga-bilketa metatua %1,7 jaitsi zen; beraz, "aurreko urtearekiko bariazioa ez da nabarmen aldatu uztailetik abuztura", azaltzen du Foru Ogasunak.
Honako balorazioa egin du Ogasunak: "Urtetik urtera gertatu den %1,9ko murrizketa, zati batean, egoera ekonomikoaren isla da, baina badira, baita ere, aparteko bi gertaera bariazioa termino homogeneoetan desberdina izatea eragiten dutenak". Hauek dira gertaera horiek: EAEk berreskuratu egin izana, kupoan konpentsazioa eginez, Estatuak 2011n BEZaren doiketan deskontatu zuen kopurua; eta Roverren itzulketa apirilean egin izana.
Foru Ogasunaren esanetan, "desadostasunak daude EAEren eta Estatuaren artean kupoa zehazteko garaian, eta horregatik 2011n Estatuak ez zituen ordaindu 138,3 milioi euro BEZaren doiketan". Hala, Gipuzkoa 45,6 milioi euro jaso gabe gelditu zen arrazoi horrengatik, baina 2012ko maiatzean berreskuratu egin dira, kupoan konpentsazioa eginez. Uztailean, berriz, Estatuak BEZaren doiketak ordaintzen ditu baina, desadostasun horien ondorioz, 2012an 167,1 milioi euro deskontatu dizkio EAEri (55,0 milioi Gipuzkoari), eta 2011n EAEri egindako deskontua 206,6 milioiko izan zen (68,2 milioi Gipuzkoari). Konpentsazio eta deskontu horiek egin ez balira, abuztura arteko murrizketa %4,5 izango zen, %1,9 izan beharrean.
Rover auziari buruzko sententziaren ondorioz, EAEk 435 milioi euro itzuli behar dizkio Estatuari, hiru urtetan. 2011n horren herena abenduan ordaindu zen eta 2012an apirilean ordaindu da. Beraz, aurtengo uztaileko zerga-bilketa metatua eta iazkoa ez dira homogeneoak. Hala, apirilean Rover auziaren kopurua itzuli ez balitz, abuztura arteko bariazioa %0,1 izango zen (positiboa), -%1,9 (negatiboa) izan beharrean.
Ogasunaren kalkuluen arabera, "aipatutako bi gertaera ezohikoak kentzen baditugu, abuztura arteko murrizketa, termino homogeneotan, %2,5 izango zen, beraz, datu ofizialak islatzen duen murrizketen antzekoa, %1,9".
Abuztura arte, %4,6 gehiago batu da zuzeneko zergetan
Hala eta guztiz ere, zuzeneko zergen bilakaera positiboa "moteltzen" ari dela onartu du Ogasunak. Hain zuzen, abuztura arte, zuzeneko zergen hazkundea %4,6koa izan da eta, uztailera arte, %7,2koa izan zen. Uztailera arte hobekuntza, batez ere, Ondarearen gaineko Zerga berreskuratu egin delako izan da eta abuztuko aldea txikia izan da, 2,1 milioi gehiago.
Zeharkako zergen bilakaera negatiboa da, %13,6ko jaitsiera, baina zertxobait hobetu da (uztailera arte jaitsiera %14,3koa zen). Bestalde, kontuan eduki behar da termino homogeneotan jaitsiera ez dela hain nabarmena izan, Rover auziagatik aurten apirilean ordaindu delako eta iaz abenduan.