Oraingoan, Undaren bidaiaren helburua da han ezarri berri diren euskal enpresei laguntza ematea, eta eskualdeko agintariekin batera azken urteetan sinatutako lankidetza-akordioen jarraipena egitea.
Sailburua Kunshan eskualdeko agintariekin ere elkartuko da, lankidetzarako alde biko akordioen jarraipena egiteko. Hain zuzen, Kunshanen dago Mondragonen industrialdea, eta hantxe daude beste zenbait euskal enpresa.
Iaz baino % 15,5 gehiago esportatu da
Euskadi eta Txinaren arteko merkataritza-arloko harremanak "ikaragarri" areagotu direla azpimarratzen du Industria Sailak. Euskaditik Txinarako esportazioak 470 milioi eurotara iritsi ziren 2011. urtean, sekula lortu den kopururik handiena. Hain zuzen, Euskadik aurreko urtean baino % 15,5 gehiago esportatu zuen Txinara; eta % 80 gehiago, 2009an esportaturiko 260 euroekin alderatuz gero.
Horrela, bada, Txina, euskal enpresen esportazio gehien jasotzen dituzten hamar herrialderen artean dago; eta Europar Batasuneko hainbat estatu eta Brasil baino ez ditu aurretik.
Industria Sailaren datuen arabera, inportazioak ere dezente igo dira, baina azken urteetan zertxobait apalago. Hala, 2011n 906 milioi eurorenak inportatu zituen Euskadik; aurreko ekitaldian baino % 2,6 gehiago, baina 2009ko 712 milioi euroak ondo pasata. Horrenbestez,, azken bi urteetan % 27ko hazkundea izan da. Une honetan, Txina bosgarren dago Euskadiko inportazioen rankingean.
Hainbat eskualdetara joango da
Bernabe Undak Fagor Ederlanen eta Cikautxoren lantegi berriak bisitatuko ditu Kunshanen. Bestalde, Txinako zenbait eskualde-agintarirekin batzartuko da, lankidetza-akordioak nola doazen ikusteko.
Datozen egun hauetan, sailburuak Nanjing eskualdeko ekonomia-erakunde batzuk ere bisitatuko ditu, bai eta euskal enpresa-sektore batzuentzat interes berezia duten zenbait enpresa ere.