Maialen Chourraut: "Domina jende askorena da, askoren lanaren emaitza"

Txomin Madina Milikua 2012ko irailaren 20a

Umetan deskubritu zuenetik, piraguismoa da 29 urteko lasartearraren bizitza. Eta dedikazioak izan du emaitza: udan Londresen eskuratutako brontzezko domina.

1. Denborak ematen duen perspektibarekin, nola gogoratzen duzu abuztuaren 2a?

Emozioz betetako egun moduan: lehia garrantzitsua zen, azken lau urteetako azterketa finala. Jende pila bat zegoen estadioan; lehia oso polita izan zen, final gogorra, eta opari batekin bueltatu nintzen.

2. Segundo bakarrak aldendu zintuen Londresen urretik. Egon al da inoiz segundo luzeagorik?

Lehia horrela da; finala oso borrokatua eta ikusgarria izan zela esan nahi du. Ez naiz segundo horretan pentsatzen geratzen: ikuskizun polita eman genuen seinale da.

3. Domina jartzera doaz. Nor duzu buruan?

Han zeuden nire familia eta lagunak, eta baita horra heltzen lagundu didan jende guztia ere. Domina jende askorena da, askoren lanaren emaitza; hori argi utzi nahi dut.

4. Piraguista  eta  emakumea. Olinpiar Jokoengatik ez balitz, jakingo  genuke nor den Maialen Chourraut?

Ziur aski, ez. Urte asko daramat gogor entrenatu eta lehiatzen eta batez ere Joko hauetan eman dut ezagutzera nire burua; gogorra egiten da hori. Azken egunetako presioa ere... ez da erraza burua hotz mantentzea.

5. Londres 2012. Zein momenturekin geratzen zara?

Piraguismoan lehiatzen ginen neskok argazki bat atera genuen irekiera ekitaldia baino lehen; horrekin geratzen naiz, oso berezia izan zen.

6. Kirolari moduan, zein duzu bertute handiena?

Konstantzia: zerbait buruan sartzean, bila joaten naiz; egun ona edo txarra izan, horretan pentsatzen dut. Plus txiki bat ematen dit. Akats nagusia? Oso urduria naiz, eta gauzak ateratzen ez zaizkidanean umore txarrez egoten naiz.

7. Zintzo itxura duzu; zein izan da egindako azken bekatu aitorgarria?

Ez dakit... Ez lesionatzeko urte osoan asko zaintzen naiz, baina behin Jokoak pasata, skatean ibiltzen ikasten nabil. 

8. Lo asko egitekoa omen zara. Beharragatik ala nagikeriagatik?

Beharragatik, noski. Entrenamenduak ondo asimilatzeko modu onena lo ondo egitea da; deskantsua entrenamendu ikustezina da. Era aktiboan edo pasiboan, ia egun osoa entrenatzen nabil: nire bizitza piraguismoa da.

9. Ikusiko al zaitugu urrezko domina olinpiarra janzten?

Oxala! Etorkizuna ezin du inork asmatu, gogor egingo dut lan domina hori lortzeko. Eslalomean jende on asko dago eta kiniela asmatzea ia ezinezkoa da. Lau urte barru ikusiko dugu; buruan dut Rio.

10. Bide batez, zer egin duzu arropa olinpiar polemikoekin?

Maletan dago. Ez dut uste berriz jantziko dudanik. Ez zitzaidan askorik gustatu, baina arropa besterik ez da: uretan eroso nengoen; hortik kanpo polita izan edo ez azalekoa da.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Mundu hau pixka bat gehiago orekatzen saiatuko nintzateke: muturreko gauza asko daude, eta gauzak berdintzen saiatuko nintzateke, denok aukera berdinak izateko. Ez kirolean, orokorrean baizik: kirola gauza txiki bat da gosearekin alderatzen badugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak