Languneren iritziz, "euskal ETE-ak trantsizio-egoeran daude, oraindik ez baitituzte hizkuntza-gaitasunak txertatu eguneroko kudeaketa-dinamikan", eta, horren erruz, “negozio-aukerak galtzen dituzte”.
Euskal enpresen % 61ek hizkuntza-gaitasunak sartzen ditu kontratazio-prozesuetan faktore bereizgarri gisa. Hala ere, enpresen % 37an hizkuntza-gaitasunek ez dute arduradun zehatzik.
Konpainien ia % 48k hizkuntza-trebakuntzarako jardueraren bat egin dute azken bi urteetan, eta % 78,3an metodologia presentzialak aukeratu dira.
Ingelesaren ingurukoak dira trebakuntza gehienak (enpresen % 87,6); ondoren, frantsesa (% 35,4) eta alemana (% 19,4) datoz. Euskara enpresen % 14,8aren trebakuntza-helburuetan dago, nahiz eta zerbitzuen sektorean % 26,4ra igotzen den ehunekoa.
Enpresen % 62k du webgunea ingelesez, eta % 28,5ek euskaraz.
Globalizazioa, txarrerako
Inkestan parte hartu duten enpresen % 27k uste du globalizazioak eragin negatiboa duela, % 23,4k uste du eragina positiboa dela, eta % 35,5ek dio ez diola inolaz ere eragiten.
Azterketaren helburua izan da euskal enpresetako hizkuntzen erabilerari, kudeaketari eta trebakuntzari buruzko erretratu eguneratua egitea, enpresaren ikuspuntutik, langile/ikaslearenetik eta hizkuntza-industriako profesionalen ikuspuntutik. Horretarako, 437 enpresak, hizkuntzak ikasten dituzten 300 langile/ikaslek eta hizkuntzen industriako hogeita hamar bat profesionalek parte hartu dute.
Langune Elkarteko kideen artean Debagoieneko zenbait enpresa eta erakunde daude, esaterako Emun, Komalingua, Mondragon Lingua edo Huhezi fakultatea.