Jon Albizu: "Industrialdeetan ere hiri hondakinak soilik jasoko dira"

Ubane Madera 2012ko irailaren 16a

Bergaran eta Oñatin hiri hondakinak atez ate batzeko sistema 2013ko lehen hiruhilekoan jarriko dute martxan. Horrela, atez ateko informatzaileek herriotako enpresetako ordezkariak gonbidatu dituzte batzar informatzaileetara, eguaztenerako (hilak 19).

Bergaran, euskaraz Irizar jauregian (11:00etan eta 18:30ean) eta gaztelaniaz udaletxean (11:00etan eta 18:30ean) dira bilerak; eta Oñatin kultura etxean euskaraz eta gaztelaniaz (11:00etan) eta udaletxean euskaraz eta gaztelaniaz (18:30ean).  

Zer azalduko zaie enpresariei?

Gonbidapena industriaguneetako tamaina zein sektore ezberdinetako enpresei egin diegu. Industrialdeetan atez atekoak nola funtzionatuko duen azalduko da, eta garbi utziko zaie industrialdean ere hiri hondakinak soilik jasoko direla, horrela, euren esku geratzen da ekoizpen prozesuan sortzen diren hondakin arriskutsu zein arriskutsu ez diren gainontzeko produktuen kudeaketa, gaur egungo legediak ezartzen duen bezala.

Industriari dagokionez, behin azalpen orokorra emanda, kasu bakoitza aztertuko da bertan sortzen diren hondakin mota eta kopurua ezagutzeko. Gaur egun indarrean dagoen legeak zehaztu bezala, euren kabuz kudeatu behar dituzten produktuekin zalantzarik izanez gero, horiek argitzen saiatuko gara.

Bergaran eta Oñatin informazio bulegoak zabaltzekotan ziren;zein puntutan daude? Beste herri batzuetan ere zabalduko dira halakoak?

Hurrengo hilabetean zabaltzea aurreikusten da. Herri bakoitzean bina bulego. Eta informatzaileak egongo gara bertan, herritarren zalantzak argitzeko prest.

Bestalde, etorkizunean sistema hau Debagoieneko herri gehiagotara iristea aurreikusten denez, bertan ere herritarrekiko arreta zerbitzua bermatuko da, tokian tokiko bulegoak ahalbidetuz.

Bestalde, azaroan prozesu parte-hartzailea hasiko da Oñatin eta Bergaran. Batzarren eta bestelakoen hitzorduak aurrerago zehaztuko ditugu.

Dena den, informatzaileak dagoeneko hasita zaudete lanean; zer da orain arte egin duzuena?

Komertzio eta instituzioekin (kirol zerbitzuak, hezkuntza, osasun arloa, e.a.) kontaktuak egiten hasi ginen. Horretarako establezimendu bakoitza bisitatzen saiatu gara, eta euren behar, kezka, e.a. jasotzeaz gain, atez ateko sistemaren inguruko azalpen orokorra eman diegu. 

Orain kontaktu horietatik jaso ditugun ekarpenak ikertzen ari gara, sistema berria ahalik eta hoberen herritarrei egokitzeko. Horrez gainera, Bergararen kasuan, herritarrekin auzoka burututako informazio bileretan ere parte hartu dugu. 

Ze kezka jaso dituzue?

Horrelako aldaketa batek gure ohiturak aldatzea dakar, eta hori askotan kostatu egiten zaigu.

Galdera gehienak, berriz, sistemaren funtzionamenduaren ingurukoak izan dira. Ahal den heinean horiek guztiak argitzen saiatu gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak