Urteroko kontua da, baina Osakidetzaren ustez gogora ekarri beharrekoa ere bai: gripea gaixotasun infekziosoa da eta edonork harrapa dezake. Gehienetan larria ez bada ere, batzuetan arriskutsua izan daiteke ondorengo talde hauetan: 65 urtetik gorakoak, diabetikoak eta 65 urtetik beherako gaixo kronikoak. Hori abiapuntu hartuta, dei egin dute astelehenetik urriaren 31ra bitartean gripearen kontrako txertoa hartzera joateko.
Hauxe esan du Clemente Domingok, Lehen Mailako Arreta Zerbitzuko buruak Leintz bailaran: "Garrantzitsua da jendeak txertoa hartzea, izan ere, gertatzen dena da pertsona horiek daukaten arrisku faktoreez gain, esaterako, bere diabetesa, bere gaixotasun kardiakoa edo gaixotasun bronkiala badute, txertoarekin lortu nahi dena da gripe bat izateak eduki ditzakeen arrisku faktoreak txikitzea".
Domingok gaineratu du pertsona gazte eta helduek gripea izaten badute eta ez badaukate bestelako arrisku faktorerik, 4-5 egun igaroko dituztela ondoez orokorrarekin, eta kasu batzuetan, sukarrarekin. Baina konplikazioren bat duten pertsonen kasuen ondorioak larriagoak izatea ekiditeko gomendatzen du txertatzea.
Hala ere, gripearen aurkako txertoa hartzeak ez du esan nahi derrigorrean gripea izango ez dugunik. "Txertoak saihestu egiten du gripe kasu oso gogor edo oso larri bat izatea eta sintomatologia txikitu egiten du. Horrek ez du esan nahi derrigorrean, txertoa hartuta ere, gripearen prozesua izango ez duzunik" dio Domingok.
Osasun zentroetan aurrez txanda eskatuta
Txertoa hartzeko nork bere herriko osasun etxera edo anbulatoriora jo beharko du, aurrez txanda hartuta. 65 urtetik gorakoen kasuan, nahikoa da osasun-txartel indibiduala edo nortasun agiria eramatea; aipatutako arrisku talderen batekoa izanez gero, ohiko medikuarengana joan beharko da papera hartzera.
Etxean dauden ezinduek etxean bertan hartzeko aukera ere izango dute; horretarako, nor bere mediku edo erizainarekin jarri beharko da harremanetan.
Horrez gain, herri bakoitzean txertoak emateko bestelako hitzorduak ere egingo dituzte: auzoz auzo edo erretiratuen egoitzetan, besteak beste.
Eguraldi aldaketarekin bat
Domingok gaineratu digu azaro bukaera, abendu eta urtarril inguruan izaten direla gurean gripe kasu gehientsuenak, hala ere, klimatologiaren arabera garai hori aurreratu edo atzeratu daitekeela esan du: "Pasatu egin behar den garai bat da, uda osteko eguraldi aldaketengatik eta abar udazkenean etortzen da orokorrean gripea. Hala ere, txertatzeko kanpaina apur bat lehenago hasten da lehenengo eguraldi aldaketa oso bortitzak iristen direnerako, gure gorputza sentsibilizatuta egoteko eta birus hori aurre hartzeko".
Gomendioak
Birus horri aurre hartzeko bestelako gomendio erraz batzuk ere jarraitu daitezke; likido asko edan, adibidez laranja zukuak, eta zitriko edo fruten bitaminak hartu. Garrantzitsua da baita ere Domingoren esanetan, gripea hartuz gero, atseden hartzea eta gainerakoak ez kutsatzen saiatzea.