MUren fakultate berria gertu

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 13a

MUko Ikus-entzunezko Komunikazioko 120 ikaslek martitzenean estreinatuko dute Aretxabaletako fakultate berria. Ikasketa horietara enfokatuta antolatu eta hornitu dute eraikina, arduradunak oso pozik geratu dira emaitzarekin eta diote ikasleek ere sumatuko dutela aldea. Elementu modernoak eta egurrezko egitura uztartzen ditu.

Uste baino gehiago luzatu dira MUren Aretxabaletako fakultate berriko lanak, ia bi urte iraun dute; iazko ikasturterako zabaltzea zen asmoa baina, baimen eta finantziazio kontuak tarteko, ez zen posible izan. Jada errealitate bat da, ordea, eta ia gertu dago 2012-2013 ikasturtea bertan hasi ahal izateko.

Eraikinaren aurreko aldea.

Huheziko dekano Nekane Arratibelek dio ezinbestekoa zela hala izatea. Izan ere, Boloniako planarekin, diplomatura eta lizentziaturak desagertu egin dira, eta gradu izatera pasa dira, eta, ondorioz, irakasle ikasketak hiru urtekoak izatetik laukoak izatera pasa dira. Horrek suposatu du Eskoriatzatik ikaslerik ez irtetea eta orain arteko kopuruari aurten lehen maila egingo duten ia 200 gehitzea automatikoki. Ezinbestekoa zen, beraz, Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak handik ateratzea. Are gehiago, kontuan izanik diplomatuak diren irakasleei gradua lortzeko aukera ematen dieten blended ikasketak ere sartu dituztela eskaintza berrian eta arrakasta izan dutela. 

Egurrezko egitura eta elementu modernoak

Argitsua da Aretxabaletako eraikin berria eta modernoa, nahiz eta egurrezko egiturari eutsi dion. Oso pozik geratu dira emaitzarekin, eta ikasleek ere sorpresa hartuko dutelakoan daude.

Geletako bat.

2.700 metro koadro inguru ditu, hiru solairutan banatuta:

  1. Behekoan daude jangela, edozein irakasgaitarako erabili ahal izango den gela handi bat, liburutegia, platoa eta aurrera begira ikuskizun ezberdinetarako izango den beste gela bat –azken bi horiek ekipatu barik daude oraingoz.
  2. Bigarren solairuan, ia denak gelak izango dira eta infogela handi bat ere egongo da, Mac ordenadorez hornitua.
  3. Hirugarren solairuan, azkenik, irakasle gela, ikus-entzunezkoen alorrean proiektu berriak garatzeko laborategi bat, edizio gelak, animazio gela eta irrati gela egongo dira, teknikoagoak diren ikasgaiak lantzeko espazioak, azken finean.

Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketei enfokatuta antolatu eta hornitu dute eraikina eta ikasleek igarriko dute hori, Aitor Zuberogoitia Komunikazio arloko koordinatzailearen esanetan: mahai denek dituzte entxufe tomak, wi-fi guneetan arreta berezia jarri dute konexioa ona izan dadin, zortzi edizio gela dituzte (lehen lau ziren), infogela erabili ahal izateko ordutegi zabala egongo da…

Mac ordenadoreekin hornitutako gela.

Eduki berriak

Eta eduki aldetik ere badira nobedadeak: Huhezin argi ikusten dute etorkizunera begira berrikuntza, sormen eta ekintzailetasun gaitasunak lantzen jakitea izango dela balio erantsia eta hori jorratzera bideratutako ikasgaiak txertatu dituzte hirugarren eta laugarren mailetan.

Martitzenetik aurrera, egunero-egunero hartuko ditu eraikin berriak Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleak, 120 inguru guztira, eta master batzuk ere emango direnez bertan, momentu batzutan eraikina bere gaitasunaren ehuneko ehunean egongo da ia.

Bezperan, astelehenean, izango da MUren ikasturte irekiera ofiziala, Donostiako Basque Culinary Centerren; datorren urtean Aretxabaletan egiteko aukera asko daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak