Jon Peli Uriguen: "Ekimen berrietarako dohain handiak erakusten ditugu gipuzkoarrok, gure marka da"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko irailaren 14a

Jon Peli Uriguen (Elgoibar, 1968) injinerua da lanbidez eta Antzuolako Elay enpresako langile, 2007a ezkero eszedentzian dagoen arren. EAko zerrendaburua izan zen Elgoibarren 2007ko udal hauteskundeetan eta bigarren 2011koetan Bilduren zerrendan. Gaur egun Diputazioko eta Elgoibarko zinegotzi karguak, biak, dauzka.

Berrikuntza, landa garapena eta turismoa; hasiera batean, hiru sail oso ezberdin dirudite...

Geroago eta harreman handiagoa dauka turismoak landa edo baserri eremuen garapenarekin. Turismoa ez da hondartzakoa bakarrik. Hona datorren turistak beste gauza batzuk ere bilatzen ditu. Eta, bestalde, lurraldearen orekarako oso garrantzitsuak dira, esaterako, landa turismoak. Bestalde, berrikuntza zeharkako kontua da, ez dagokio alor bakar bati. 

Zertan egin die min, bereziki, krisiak lurraldeko enpresei?

Gipuzkoan beste toki batzuetan baino hobeto gaude krisiari aurre egiteko, baina arazoa finantziazioa da. Eskariak badaude, ekimenak badaude, baina horiendako finantzazioa lortzea da arazoa. Lehiakortasuna ere bada erronka eta ezinbesteko baldintza, baina enpresa asko, lehiakor eta berritzaile izanda ere, finantzazio arazoekin dabiltza. 

Enpresa eta ekimen berriak sortzen laguntzeko 4,5 milioi euroko diru zatia aurreikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengorako. Zein da helburu zehatza?

Ekintzailetasun programari dagozkionak dira dirulaguntza lerro horiek. Enpresak hobetzeko edota gazte jendeak ekimen berriak bultzatzeko programak dira. Baina, aurretik, beste batzuk abiatu ditugu, enpresei nazioartera zabaltzen laguntzeko, langileen parte hartzea bultzatzeko…  

Iaz 80 enpresaren eta 331 lanposturen sorrera ekarri zituen dirulaguntza horrek…

Bai, proiektu ezberdin asko aurkeztu ziren eta asko laguntza barik geratu ziren, ez geneukalako behar beste diru. Bestalde, inbertsio honek baditu beste inbertsio eratorri batzuk. Ekintzaileek jartzen dituzten indarrak eta ezagutzak, eta erakundeek jartzen dituzten laguntzak, ekonomian eragin handia dute, sektorea pizten laguntzen dute, beste sektore batzuk sortzen dira eta, hala, aberastasuna sortu.

Dirulaguntza deialdiaren arrakastak erakusten du lurraldean badagoela ekimen berriak bultzatzeko adorea.

Bai, hala da. Ez dago diru nahikoa proiektu guztiak bultzatzeko, baina, era berean, pozgarria da ikustea zelako proiektu interesgarri sortzen ari diren eta ekimen berrietarako zelako dohainak erakusten ditugun gipuzkoarrok. Gure marka da. Euskal Herriak bai, baina Gipuzkoak badu bere marka propioa. Hemen, enpresa hainbat sortu da bertako semeen ekimenez. Ideia bat izan dutelako eta produzitzen eta saltzen jakin izan dutelako, eta une txarrenetan ere eusten jakin izan dutelako. 

Enpresetan parte-hartzea bultzatu nahi duzue. Zer da proposatzen duzuena, ze¡n eredu duzue buruan?

Kooperatibismotik abiatuta badira beste eredu batzuk langileek enpresetan parte hartzea bultzatzen dutenak. Enpresarekiko konpromisoa bultzatzen du erabakietan parte hartzeak. Edota irabaziak banatzeak edota inbertsioak egiten langileek ere parte hartzeak. Enpresa asko datorkigu proiektu berriekin. Ildo estrategikoetako bat da guretako. Langilearen zenbat eta konpromiso handiagoa, lehiakortasuna ere handiagoa da.  

Berrikuntza garestia da?

Inbertsioa da, eta ezinbestekoa da. 2010eko Eustateko datuek diote, berrikuntzari, ikerketari, garapenari…, Barne Produktuaren 2,58 eskaintzen zaiola Gipuzkoan. Erkidego osoan, 2,08. Espainian, %1 eskas… Ikerkuntzan eta berritasunean inbertitzen dutenek langabezia tasa txikiagoa dute eta lehiakorragoak dira. 

Urugayn egon zarete Gipuzkoako enpresekin batera. Ze etor daiteke handik Gipuzkoako enpresendako?

Bi bider izan gara han, azkenekoz, uztailean, Gipuzkoako 20 bat enpresekin. Urugayn %40ak euskal jatorria dauka. Bestalde, Mercosur dela-eta ondo kokatuta dago, hazten doan merkatua da, Brasil, Txile edo Perurekin batera… Eraikuntzan, hezkuntzan, itsasoko sektorean… aukera handiak irekitzen zaizkie Gipuzkoako enpresei. 

Gipuzkoako enpresaburuen elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko harremanak zelakoak dira?

Onak, nahiz eta hedabide batzuetan kontrakoa adierazi hainbatean, modu interesatuetan. Harreman ona da eta hala izan behar du, gainera. 

Zergak direla-eta, eztabaida izan da enpresaburuen eta ogasunaren artean. Gipuzkoako zerga politikek mesede egiten die enpresei?

Interes orokorrak defenditu behar ditugu eta oreka puntuak topatu. Zentzuzkoa da gehien daukanak gehiago ematea edo ordaintzea. Horrek ez du esan nahi enpresak zigortzen ditugunik, justuagoak izatea da kontua. 

Gaur egun landa inguruneak daukan arazo eta erronka nagusia zein da?

Arazoetako bat da lehengaien prezioak garestitzea eta lehiakortasuna galtzea. Hemengo nekazaritza eremu txikikoa da eta horrek zailtasunak areagotzen ditu.

Udako oporrak zela joan zaizkie landetxe edo baserri turismoei?

Ondo joan zaizkie oporrak. Espainiako turismoa jaitsi egin da, bai hoteletan eta baita baserri turismoetan ere, baina, beste toki batzuetatik etorri dira. Datu onak dira. Abuztuan, logelak beteta izan dira. Krisian gaudela kontuan hartuta, urte ona izan da.

Zertara datoz turistak Gipuzkoara?

Zerbait ezberdinaren bila, sentsazio berrien bila. Gastronomiak asko erakartzen du eta, horren inguruan, kultura eskaintza goi mailakoak ere bai. Gainera, hemen oso harrera ona egiten zaio turistari. Oso arraroa da hona etorri eta berriro itzultzea.

Hiriburura edo kostaldera ez ezik, barrualdera ere bai?

Donostiak asko erakartzen du, jakina, baina, aurten lehen aldiz, esaterako, lurraldeko eskualde guztiekin sinatu ditugu akordioak eskaintza orokor bat egiteko. Izan ere, hiriburuaz edo kostaldeaz gain, barruko turismoa ere saldu nahi dugu, asko dugu-eta eskaintzeko.

Zenbateraino da garrantzitsua turismoa Gipuzkoako Foru Aldundiarendako?

Oso garrantzitsua da. Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %7 da turismoak ematen duena; Bizkaian, %4. 

Bilbok aurre hartu dio Donostiari azken urteotan?

Negozio turismoa asko hazi da Bilbon, azpiegitura aldetik asko hobetu delako azken urteotan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak