Amaitu dira probak, benetan lehiatzen hasteko ordua da

Xabier Urtzelai 2012ko irailaren 14a

Ohorezko erregional mailako taldeek asteburuan hasiko dute liga. Eta indartsu hasiko da, gainera, Mondraren eta Aretxabaletaren arteko derbiaz (Domeka, 16:30, Mojategi). Hala, duela astebete Arrasate Hiriko finalean jokatutako partidua errepikatuko da, baina susmoa dugu denboraldiaurreko torneoetan Mondrako entrenatzaile Lutxo Iturrinok karta guztiak erakutsi dituela, gustuko hamaikako bilatzen ibili dela, eta aldiz, Aretxabaletako entrenatzaile Alberto Albistegi gehiago ibili dela despistera jokatzen, jokalari guztiei minutuak emanez.

Kontu horiek guztiak domekan erabakiko dira, bi entrenatzaileek hamaikakoak erakusten dituztenean. Hortik aurrerako erreferentziek gutxirako balio dute, baita joan den asteko finalak ere, Mondraren garaipenaz. Eta zer esan joan den liga amaieran Mondrak Ibarran lortu zuen garaipenaz; partidu hark ere ez du balio –hainbat motiborengatik– bi taldeen arteko alderaketa egiteko. Gauza bakarra da jakinekoa: Mondra egiteko dagoen taldea da, nahiz eta badirudien ondo indartu dela, eta Aretxabaletak maila oso oneko oinarria du, esperientzia handikoa. Hortik aurrerakoak domekan ikusiko ditugu.

Igo berrien kontra
Derbiaz batera Bergarak eta Aloña Mendik ere etxean jokatuko dute ligako lehen lehia, eta hain zuzen, ibarreko bi ordezkariek mailaz igo berri diren bi talde izango dituzte aurrean, Azpeitiako Lagun Onak, eta Lasarteko Ostadar. Iaz lehenengo sailkatuta Lagun Onakek zuzen lortu zuen mailaz igotzea; Ostadarrek, berriz, igoera fasean Zumaiako utzi zuen kanpoan. Hala, Mahoneroek zapatuan 17:30ean jokatuko dute Lagun Onaken kontra, eta Aloña Mendiko mutilek, domekan izango dute hitzordua, 16:30ean.

Mondrako neskak Donostiara
Andoni Ezkurraren eta Isei Barberoren neskek ez zuten joan den astean liga nahi moduan hasi, eta oraingo asteburuan ahaleginduko dira Añorgaren zelaian hiru puntuak batzen (Domeka, 12:00). Ezkurrak berak onartu moduan taldeak aurten izan dituen baja garrantzitsuetara ohitu beharko du, eta jokatzeko modua ere aldatu, iaz 20 gol egin zituen Maitane Roa erreferentzia garbia zelako aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak