Debagoieneko biztanleen %9 landa eremuetan bizi direlako eta teknologia berriek egun jendartean duten garrantzia kontuan hartzearen ondorioz jaio da baserrisarea.com webgune berria. Aurkezpenean egon dira Agurtzane Diaz Deba Garaia Landa Garapenerako elkarteko lehendakaria, Inazio Azkarragaurizar Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria eta Jesus Elortza Bergarako alkatea, besteen artean.
Azkarragaurizar eta Elortza, Diazekin hizketan.
Deba Garaia LGEk DinamizaTIC programari esker garatu du egitasmoa, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen laguntza eduki du. 2010ean hasi ziren egitasmoa lantzen; orduan ibarreko nekazaritza-guneetan teknologia berriei zegokienez zer nolako gabeziak zeuden ikertu zuten. Diagnosia eginda, zenbait ekimen egin dira ordutik ibarrean: ikastaroak, esate baterako.
Landa eremuari garrantzia emateko
Webgunearekin urrats bat gehiago eman gura izan dute, landa eremuari garrantzia emanez eta bertan ekoizten diren produktuak erabiltzaile guztien eskura ipiniz. Turismoarekin lotutako informazioa aurkitu daiteke webgune berrian, baina horrez gainera, herritarrei zenbait tramite on-line egiteko aukera ematen zaie, besteak beste, diru laguntza edota formakuntzarekin lotutakoak.
On-line denda
Baina adierazi bezala, ibarreko ekoizleen produktuak edonoren eskura ipintzen ditu baita ere webguneak, eta on-line denda egokitu dute horretarako. "Garaiak aldatu dira, eta gaur egun ekoiztea ez da horrenbeste kostatzen, zailena saltzea da". Hala adierazi du Jesus Elortza Bergarako alkateak. Momentuz, txakolina, gazta zein haragia moduko produktuak saltzen dituzten zazpi ekoizle aurki daitezke bertan. Irailean zehar gainera, eskaintza berezi bat egongo dela martxan adierazi zuen Agurtzane Diazek; hain zuzen ere, erosketak doan jasoko dituzte Internet bidez erosten dutenek.
Ekitaldi amaieran Zumelaga jatetxearen luncha izan dute.