Debarroko industrialdeen fusioa "ekimen publikoko industrialdeen amaiera izan daiteke"

Ubane Madera 2012ko ira. 11a, 16:30

Debagoieneko Industrialdea S.A.ko kide diren bost udalek (Arrasate, Oñati, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaleta) "berretsi" egin dute Eusko Jaurlaritzak Sprilurren bitartez martxan jarri duen Debabarreneko eta Debagoieneko industriguneen fusioarekiko kontrakotasuna: "Gure industriguneen amaiera suposatu dezakeelako, operazio honen atzean oraindik azaldu ez dizkiguten ezkutuko interesak daudelako eta, batez ere gure kapitala industrialdeei laguntzeko eta lehiakor bihurtzeko egitasmoak bultzatzeko erabili beharrekoa delako". 

Beñat Herce Eskoriatzako alkateak, bost udalon izenean adierazi duenez, fusio honen "ondorioak latzak izan daitezke sozietatearentzat. Eskualdeko perspektiba galtzeak norabiderik gabe utz dezake sozietate berria. Eta hori, eskualdeko ekimen publikoko industrialdeen amaiera izan daiteke". 

Udalen indar galera

Ildo beretik, azpimarratu du kezkagarriena Udalek galduko duten indarra dela. Datuak eman ditu hori babesteko: gaur egun Debagoieneko Udalek industrialdean kapitalaren %24,61 dute; aldiz, fusioaren ondoren %11,49a izango dute. Eta ordezkaritzari dagokionez, gaur egun industrialdeko juntan Debagoieneko Udalek bi ordezkari baldin badituzte, fusioaren ondoren ordezkari bakarra izango dute.

Ezin gertuko politikarik egin

Horren ondorioz, "Udalek ez dute gertuko politika egiterik izango. Normalean, udalak gara herriko enpresa proiektuak ezagutzen dugunak; udalak gara herritarretatik gertuen dauden erakundeak; beraz, egoera berri honetan industrialdearekin deskonexio itzela suerta daiteke, gure parte-hartzea oraindik eta diluituagoa geratzen baita", adierazi du Eskoriatzako alkateak.

"Bategiteak ez dira inorentzako onak, Udalek (gertueneko instituzioak) indarra galtzen dute eta ezin dute gertuko lanik egin bertoko enpresekin. Krisiaren eraginez, berez, eskualdeetan industria garatzea lan zaila izango bada, fusio hauek are konplexuagoa bihurtzen dute aurrera ateratzeko bidea", gaineratu du Lore Martinez Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusiak eta Aretxabaletako zinegotziak.

Horren harira, gogora ekarri dute gure ibarrean badaudela enpresak kokatzeko partzelak, "gaur egun hutsik daudenak: Labegaraieta Bergaran, Markulete Arrasaten edo Torrebaso Eskoriatzan. Beraz, zertara datoz fusio bitartezko kapital metatzeak?".  

Informazio eza

Bestalde, salatu dute Sprilurrek ez diela oraindik operazio honen "helburu zehatzei buruzko informaziorik eman, ezta etorkizunean heldu beharreko proiektuen" gainekorik ere, behin eta berriz eskatu arren. "Desadostasuna agertu dugun bakoitzean axolagabetasuna azaldu eta edonola ere, fusioa egingo zutela adierazi izan digute". 

Horrekin batera, operazio hau gastuen aurrezpena "aitzakia hartuta" aurkeztu dutela diote, baina salatu dute hori ez dela erreala: "Kostuak %20 murriztu nahi direla esan digute, baina Debagoieneko Industrialdea S.A.n langile gutxi dago eta, gainera, kudeaketa Debabeheko Industrialdea sozietatearekin partekatzen du. Honen adibide da gerente bakarra dagoela bi industrialdeetarako". 

Ezkutuko interesak

Orokorrean begiratuta, beraz, uste dute fusioaren atzetik azaldu bako "ezkutuko interesak" daudela. Martinezek esan du "krisi ekonomikoari aurre egiteko egitasmoak martxan dituztela justifikatu nahi izan" dutela. "Horretarako industrialdeetako kapitalak batu eta euren interesekoak diren zenbait egitasmotara bideratu nahi" izan dituztela, "beti ere, beste eskualdeen kontura". 

Are gehiago, interes partidistak salatu dituzte. Martinezen berbetan, Gipuzkoan egin dituzten industrialdeen bateratzeak ("denak bi hilabete inguruan, presaka eta adostasunerako saiakerarik gabe" egindakoak) PSE-EE eta PPren artean 2009an adostutako hitzarmenaren ondorio dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak