Otsailean hasiko dira Antzuola eta Bergara arteko autobiako lanak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 11

Datorren urteko otsailean hasiko dira egiten Beasain-Durango autobiako Antzuola eta Bergara arteko lanak. Helena Franco Ogasun diputatuak adierazi duenez, errepide zati hori irekita egon beharko litzateke 2015eko apirilan 1a baino lehen eta, beraz, komeni da lanak urte honetan bertan esleitzea.

Tarte horretako lanen aurrekontua 77 milioi eurokoa da eta Diputazioak ordainduko ditu. Kredituak eskatuko ditu horretarako: 2013an, 32,6 milioi euro; 2014an, 39,2; eta 2015ean, 5,1. Beasain-Bergara ardatzeko gainontzeko lanak Bidegik ordainduko ditu.

Beasain-Durango autobiaren Gipuzkoako zatia osatzeko gainontzeko lanak aurrera doaz; Zumarraga-Urretxu eta Legazpi arteko zatia izan da zirkulaziora ireki duten azkena, aurtengo maiatzean.

Urretxu eta Antzuola bitarteko lanak, bestalde, martxan daude; 2,7 kilometro luze da zati hori eta Deskargako mendatea hartzen du tartean. Hori dela eta, hain zuzen, lan horien aurrekontua 50 milioi eurora igotzen da; zati on bat 680 metro luze izango den tunela zulatzera bideratuko da. 9.000 ibilgailu igarotzen dira egunero Deskargako mendatetik. Lan horietara bideratuko den diru kantitatearen zati bat bidesari bidez bildu asmo dute.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak