Itziar Ituño: "Hozkailuak muntatzea gogorra baina oso polita izan zen"

Txomin Madina Milikua 2012ko ira. 13a, 02:00

Laster ikusiko dugu Goenkale-n Nekane ertzain moduan eta zinema aretoetan ere bada Dragoi ehiztaria filmean. Ilusionatuta harrapatu dugu, bere herriko, Basauriko, jaietako pregoia idazten.

1. Zer aurkituko du Dragoi ehiztaria ikustera doanak?

Kuban esfortzu handiarekin egindako pelikula bat. Angel Amigo ekoizlearena da istorioa, eta akzio apur bat ere badu. Xumea da, erdia euskaraz eta erdia erdaraz. Espero dut jende asko joatea ikustera.

2. Filmari baiezkoa emateko orduan, ze pisu izan zuen Kuban filmatu behar izateak?

%90-edo, egia esan! Pertsonaia ere gustatu zitzaidan, baina Kuban filmatzea gozoki hutsa zen eta itzela izan zen. Talde erdia hangoa zen, eta fenomeno hutsak dira.

3. Bada polemikarik: zuzendariak uko egin dio azken emaitzari.

Uda Perun eman ostean, bueltako egunean bertan izan zen aurrestreinaldia eta orduan enteratu nintzen. Zerbait aurreikusten zen, baina horrek euren artean geratu behar du; nik eta lantaldeak nahi genuena zen estreinatzea. 

4. Goenkale-k 19. denboraldia; oraindik bada ze kontatu Arralden?

Gauza pila bat: familia, pertsonaia berriak... Gero eta zailagoa da istorio originalak topatzea, baina krisiaren ildora istorio pila bat egongo dira. 

5. Aspaldian ez zaitugu uniformea jantzita ikusi; mailaz igotzearen abantaila?

Duda barik! Gizartean ez da askotan ikusten emakumea agintzen, eta, fikzioan bada ere, aprobetxatu egiten dut! Hasieran, shock-a izan zen uniformearekin ikustea.janztea.

6. Aukeran, Basauri jaioterria ala Arralde moduko herria nahiago?

Herri txikiak politak dira; baina inoiz ez naiz baten bizi izan. Baina Basaurin zeregin asko dago euskeraren alde: apenas entzuten da eta batzuk buru-belarri gabiltza lanean. Beharrezkoagoa dela uste dut, Basauri ere Euskal Herria da-eta. Baina aurrerantzean, batek daki...

7. Lotsatia izanda, aktore sartu zinen. Lotsagabetu zara dagoeneko?

Ez, beti geratzen da puntu bat. Gutxien espero duzunean agertzen da; hori sekula ez da sendatzen.

8. Gutxik imajinatuko zaituzte hozkailuak muntatzen.

Soziologia amaitzean Fagorren egin nuen lan urtebete baino gehiagoz. Soziologian ikasitako alienazioa bezalakoak neure azalean sufritu nituen. Esperientzia gogorra baina oso polita izan zen, hainbat gauza ulertzeko balio izan zidan.

9. Zure ideia politikoak ez dituzu gorde izan. Nabaritu duzu inoiz?

Nire kontra ez. Gauza bat nire lana da, eta beste bat nire ideiak eta bizitza; hor zuzenena egiten saiatzen naiz. Jendea harritu egiten da ertzainarena egin eta gero preso gaixoen alde agertzean. Horrelakoa da gure herria, kontraesanez betea.

10. Noiz utziko dio kulturaren munduak dardar egiteari?

Badirudi luzaroan egongo garela dardarka; BEZaren igoerarekin, gainera... Espero dut momenturen baten buelta ematea...

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gauza pila bat egingo nituzke: minbizia ezabatuko nuke; presoak kalera aterako nituzke, batez ere gaixo daudenak; hilabete batez ipiniko nituzke emakumeak gizonak dauden lekuan eta alderantziz, ea zer gertatzen den... A! Eta nire bizkarreko mina, joaten ez zaidan hori, sendatu egingo nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak