Irailaren 12an irekiko da hauteskundeetarako hautagai zerrendak aurkezteko epea

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 11

Irailaren 12an zabalduko da urriaren 21ean ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko epea. Egun horretatik aurrera eta irailaren 17ra arte, alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute lurralde historikoetako Hauteskunde Batzarretan.

Hautagaien zerrendak EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) argitaratuko dira 19an eta, egon litezkeen akatsak zuzendu ondoren, Batzarrek hauteskundeetan lehiatuko diren hautagai zerrendak izendatuko dituzte 24an.

Zerrenden lurralde ordezkariek (edo zerrenden sustatzaileek, hauteskunde-elkarteen kasuan) aurkeztuko dituzte hautagaien zerrendak. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 50. artikuluaren arabera, aurkezpen idazkian ondoko datu hauek azaldu behar dira, besteak beste:

  • Izendapena, siglak eta identifikazio-sinboloa. Hauteskundeetan zehar ezin dira aldatu.
  • Hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak, helbide zehatza eta zerrendaren barruan zenbatgarren postuan dauden.
  • Hautagai zerrendaren lurralde ordezkariaren izen-abizenak. Lurralde historikoaren hiriburuan izan behar du helbidea.
  • Hautagai izatea onartzearen ziurtagiria, hautagai eta ordezko bakoitzak sinatua. Autonomi erkidegoaren barruan zerrenda bakar batean dagoela eta hautatua izateko gainerako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duen adierazpena.
  • Hautagaia Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen hauteskunde erroldan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

Hautagaien erdiak emakumezkoak

Zerrendetan hogeita bost hautagai sartu behar dira lurralde historiko bakoitzeko; gutxienez hiru eta gehienez bost ordezko egon behar dira; eta zerrendetako kideen %50 gutxienez emakumezkoak izan behar direla zerrendak ontzat eman ahal izateko, 2005eko martxoko Berdintasunaren Legearen arabera.

Hilaren 25ean argitaratuko dira zerrendak Aldizkari Ofizialean

Irailak 20 eta 21 artean, lurralde historikoen Hauteskunde Batzarrek atzemandako edo salatutako akatsak jakinaraziko dizkiete aurreko eguneko EHAAn argitaratutako hautagai zerrenden ordezkariei, 22an eta 23an zuzentzeko. Biharamunean, irailaren 24an, lurralde historikoetako Hauteskunde Batzarrek hautagai zerrendak aldarrikatuko dituzte. Zerrendak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira hurrengo egunean.

Inprimaki elektronikoak

Hauteskunde-prozesu honetarako berrikuntza modura, Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak aukera hau jarri du Interneten: hautagaitzak aurkezteko inprimakiak bide elektronikoa erabilita deskargatu ahal izango dira.

Legebiltzarrerako 2012ko hauteskundeetan hautagaitzak aurkezteko dauden sei inprimakiak web orrialde honetan deskarga daitezke: www.elecciones.net. Inprimaki horiek elektronikoak dira eta norberak bete eta edita ditzake bide telematikoa erabiliz. Horri esker, papera aurreztuko da eta tramitazio-prozesua arinago egingo da.

Hauteskundeen gaineko webgunea

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak www.elecciones.net webgunea abiarazi du. Webgune horrek urriaren 21erako aurreikusitako hauteskundeei buruzko deialdiari lotutako informazio osoa jartzen du erabiltzaileen eskura. Webgune horren bidez, Internetetik informazio eta zerbitzuen sorta zabala kontsulta daiteke. Bultzatzaileen esanetan, "bozkatzeko prozedurei, posta bidezko botoari eta hautesleei sortzen zaizkien zalantza nagusiei protokolo bizidunen eta grafikoen bidez erantzuten zaie, eta horrek ulermena errazten du".

Webgunearen atal aipagarrienen artean daude: prozesuaren egutegia, bozkatzeko prozedura eta posta bidezko botoaren prozedura edota hauteskunde-mahaietako kideentzako gida.

Webguneak twiiter kontura (@hauteskundeak) harpidetzeko aukera ematen du. Kontuak hauteskunde-prozesuari lotuta sortzen diren albisteei buruzko komunikazio bidea ematen du ia denbora errealean. Horrez gain, 012 telefono-zenbakia jarri da erabiltzaileen esku, kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak