Mauri Zubillaga, txapelketako antolatzailearen esanetan "Amurrioko jokalariek abuztuan txapelketa batzuk jokatu dituzte eta arrasatearrek ez, eta horrelakoetan forma hobeagoa duen bikoteak irabazten du".
Partiduaren hasieratik lehia orekatua izan zuten, pilotariek nekez egiten zituzten tantoak, baina bukaeran, hein handi batean, Oier Arregik egindako lanari esker lortu zuen bikote arrasatearrak garaipena.
Nabarmentzekoa da Arregik ezker eskuarekin egindako lana; izan ere, pilota zail asko ateratzea lortu zuen. Horri esker, bikote arrasatearrak partiduari buelta ematea lortu zuen; izan ere, 14-19 galtzen ari ziren eta bukaeran 22-20 nagusitu ziren. Bikote arrasatearrak gogoz ospatu zuen garaipena.
Senior mailako finalean, berriz, hasieratik bukaerara partiduan jaun eta jabe izan zen Zuazuak eta Orejak osatutako bikotea. Eskoriatzako Zubizarreta anaiek harmailen babesa izan zuten –pilotalekuan Eskoriatzako 60 bat zale zeuden– baina hori ez zen nahikoa izan arrasatearrak menderatzeko. Bikote arrasatearrak pilota indarrez astindu zuen eta atzelari eskoriatzarrak ezin izan zion erauntsiari erantzun: batzuetan pilota gora, besteetan kanpora... bukaeran 22-14 Zuazua eta Oreja irabazle. 2011 urteko edizioan baino zorte hobea izan zuen Aritz Zuazua pilotari arrasatearrak; izan ere, txapeldunorde geratu zen iaz.
2013an gehiago
Sari banaketaren ostean, Dorletako Ama pilota txapelketako antolatzaileak, Mauri Zubillagak, hurrengo urtean ere txapelketa antolatuko duela adierazi zuen. Izan ere, pilota partiduak direla eta herrian giro polita sortzen da eta txapelketan parte hartu duten herrietako pilota taldeak gustura geratu dira. Gainera, orain arte bezala, Udalak ekimen hau babesten jarraituko du.
Hurrengo urteko txapelketara begira, Mauri Zubillagak aldaketak egongo direla esan zuen: Gasteiz, Otxandio, Legutio, Amurrio, Arrasate, Aretxabaleta, Oñati eta Bergarako taldeez gain, Azpeitia eta Nafarroako talderen batek ere parte hartzeko ahalegina egingo omen du eta. Hori bai, orain arteko formula erabiliko du Zubillagak, hau da, maila bakoitzeko jokalariek hilean behin jokatuko dute.
Beraz, 2013ko martxotik aurrera, berriz hasiko dira pilota partiduak Leintz Gatzagako frontoian.