Debagoiendarrak ere badira urriaren 21eko zerrendetan

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko irailaren 7a

Poliki-poliki ari dira alderdi politikoak urriaren 21ean ospatuko diren hauteskundeetan Eusko Jaurlaritzarako aurkeztuko duten lehendakarigaia zein legebiltzarkidegaiak ezagutzera ematen. Debagoiendarrak ere badira tartean.

EH Bilduri dagokionez, koalizioa osatzen duten lau alderdietako ordezkariak izango ditu  zerrendako aurreneko postuetan. Gipuzkoan, Xabier Isasi irakasleak gidatuko du zerrenda. Bigarrena, Pello Urizar arrasatearra (EA) izango da; hirugarrena, Marian Beitialarrangoitia (ezker abertzalea), gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Komunikazio arduradura; eta laugarren postuan bailarako beste ordezkari bat egongo da: Rebeka Ubera elgetarra (Aralar), gaur egun Gipuzkoako batzarkidea Aralartik.

Bizkaian, Laura Mintegi lehendakarigaiak Maribi Ugarteburu (ezker abertzalea), Leire Pinedo (EA), Dani Maeztu (Aralar) eta Oskar Matute (Alternatiba) izango ditu bidelagun.

Araban, berriz, Belen Arrondo Stee-Eilaseko sindikalista izango da zerrendako burua; ezker abertzaleko ordezkari Hasier Arraiz zerrendako bigarrena izango da; eta hirugarrena, Eva Blanco (EA) Amurrioko zinegotzia.

Isabel Salud Arabako zerrendaburua

Mikel Arana Ezker-Anitza-IUko Koordinatzaile orokorra gaur arratsaldean izendatuko dute formazio horretako lehendakarigaia. Bilbon egingo duen batzarraren ostean, alderdiak publikoki aurkeztuko ditu hautagaiak. Goienak jakin duenez, horien artean, Isabel Salud bergararra izango da Arabako zerrendaburua eta Juan Luis Merino eskoriatzarra hirugarren joango da Gipuzkoatik.

EAJ alderdian ere badira debagoiendarrak

EAJren kasuan, Iñigo Urkullu, EBBren presidentea izango da alderdi horrek Lehendakarirako –eta Bizkaiko zerrendaburu– aurkeztuko duen hautagaia. Joseba Egibar izango da zerrendako lehena Gipuzkoatik eta Xabier Agirre Arabatik. Gipuzkoako zerrendei dagokienez, bertan daude Aitor Urrutia Eskoriatzako zinegotzia eta Maria Eugenia Arrizabalaga zinegotzia Antzuolan.

Sozialistak eta popularrak

Alderdi sozialistari dagokionez, Patxi Lopezek errepikatu egingo du eta Lehendakaritarako aurkeztuko du alderdiak. Gipuzkoan zein Bizkaian, lurralde bakoitzeko idazkari orokorrak izango dira zerrendaburuak: Iñaki Arriola eta Jose Antonio Pastor.  Arabako zerrendak gaur eguerdian onartuko ditu lurralde horretako exekutibak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak