Preso-ohiek osatutako elkartea izanda, haien presentzia zabalarekin egin dute Harrera Elkartearen aurkezpen ekitaldia Monterron parkean.
Kidetasuna eta laguntza praktikoa
Jon Ugarte eta Juan Karlos Ioldi elkarteko kideek azaldu duten moduan, "bi ardatz izango ditu: lehena eta funtsezkoena: kidetasuna eta laguntasuna adieraztea. Datorrenak jakin behar du zailtasunak aurrez-aurre izango dituela baina, baita ere, horiei aurre egiteko, familiaren eta lagunen laguntzaz gain beste lagun asko izango dituela prest. Jabetu arazi behar diogu, ez dagoela bakarrik, esfortzu kolektibo bat antolatuta dagoela egokitzapen horretan zailtasunak leuntzeko. Bigarrena: arazoei irtenbide errealak eta praktikoak ematea: administrazioaren aurrean, etxebizitzaren beharra, lanerako formazio, kartzelatik aterata izaten den laguntzaren tramitazioa (400 euro), aho-konponketak, gidatzeko baimena, lanean hasteko kreditu- txikiak... Hitz batean: egokitzapen integrala eta duina erraztu".
Edozeinendako zabalik
Azpimarratu gura izan dute, baita ere, Harrera Elkartea preso ohiek osatutakoa izan arren, "elkartearen xedeekin bat datorren edozein herritarrek" parte har dezakeela bertan. Are gehiago, euren nahia ere horixe berori dela eta jasotzen duten babes guztia eskertuko dutela.
Ildo beretik, iragarri dute, besteak beste, elkarteko kide izateko bazkide kanpaina abiarazi dutela, urteko kuota bitartekoa. Eta parte hartu gura duenarendako ateak zabalik dituztela.