Urko Aristi: "Kalea nire amorantea da; eguraldia, aldiz, emaztea"

Txomin Madina Milikua 2012ko irailaren 6a

Ibarran jaio eta Arriben hazia, eguraldi iragarle moduan eta erreportaje saioekin ETBko aurpegi ezagunenetakoa dugu. Herritxoz herritxo ibili da azken hilabeteotan 'Bizirik' saioarekin.

1. Zer aurki dezakegu herritxoetan hirietan ez dagoenik?

Bizitza handia, elkartasuna eta auzolana zentzu osoan; alegia, herrigintza. Herri txikiak izaki, zailtasun asko dituzte, baina horiei aurre egitea guztien arteko elkartasunari esker lortu dute. 

2. Zu zeu ere herri txiki baten hazitakoa zara.

Bai, Nafarroan dagoen 120 biztanleko Arribe herri politean. Horregatik, saioa proposatu zidatenean, berehala argi ikusi nuen; iruditzen zait herriok aurrera atera dituztenei gorazarre egin behar zaiela. 

3. Eguraldi gizon moduan lehen urratsak ez omen zenituen oso konbentzituta egin.

Gizona ez, eguraldi mutila naiz oraindik ere! Baina bai: mundu arrotza nuen, nire buruarekin zorrotza naiz eta ikusten nuen ez nenbilela gauza txukunik egiten. Baina ez nuen etsi, eta hamar urte geroago jarraitzen dut. Maitemintze prozesuan gaude.

4. Eguraldiarekin lotuta aparteko ordu asko egiten dituzu kalean?

Nahi baino gehiago; estutu egiten naiz, gainera! Baina makulua dut: jendeak eguraldiaz galdetzean, beti diot ona egingo duela. Momentuan, behintzat, gustura geratzen dira.

5. Eguraldia platoan, beste hainbat saio kalean; non gusturago?

Kalean. Beti diot kalea dela nire amorantea eta eguraldia emaztea, egonkortasuna ematen didana. Baina gozarazi kaleak egiten dit.

6. Erraza al da euskaldunak kamera aurrean jartzea?

Esango nuke gero eta errazagoa dela. Itxiak garela? Ez, baina ez gara besteak bezain harroputzak. Espainian edonor doa telebistara lau tontakeria esatera; hemen badakigu zer den auzo-lotsa, eta serioago jokatzen dugu.

7. Sekretu bat kontatuko banizu, sekretu izaten jarraituko luke?

Kosta arren, bai. Hiztun moduan baino hobea naiz entzule gisa: nire gauzez hitz egitea kostatzen zait, baina lagun gehientxoenak etortzen zaizkit arazo eta kontuekin. Haien konfiantza merezi badut, ez naiz entzule txarra izango.

8. Egiteaz gain, ikusten al duzu telebista?

Gehiegi, nire bizioetako bat da: besteek egiten dutena ikusi, joerak, programazio estrategiak... Erreportaje saioak asko gustatzen zaizkit, uste dut telebistaren funtsa laburbiltzen dutela.

9. Zer egiteari utzi diozu telebistan agertzeagatik?

Duela gutxi arte, hondartzan larru gorritan jartzeari. Baina berriz itzuli naiz, ez dut uste-eta inor ikaratuko denik. 

10. Eta zer egiteari ez zenioke ezergatik ere utziko?

Ni neu izateri. Hasieran kezkatu nintzen: zure intimitatea besteen ahotan egotea, gezurrak entzutea, mila amorante jartzea... Baina urteekin hori ere gainditu dut.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gure eguraldi mapan jendearen gustuko eguraldia jarriko nuke; eta ez naiz bakarrik eguraldiko mapaz ari, baita bizitzakoaz ere. Norberak izan dezala amesten duen edo behar duen hori; eta besteen bizimoduan sartzen diren horiek guztiak mapatik kenduko nituzke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak