Bi urtetan BEZa handitu den bigarren aldia da oraingoa. Aurretik, 2010eko ekainean, Rodriguez Zapateroren Gobernuak igo zuen BEZ orokorra, hain zuzen, %16tik %18koa izatera pasa zen orduan
Oraingo honetan aldiz, hiru BEZ motetatik bik izan dute igoera, supermurriztuak (esnekiak, ogia, botikak...) orain arte bezala %4koa izaten jarraituko baitu. Aldiz, murriztua (ordenagailuak, ostalaritza, etxebizitzak...) bi puntu garestitu da (%8koa izatetik %10eko izatera pasa baita) eta orokorra (zinea, loradendak, hileta zerbitzuak...) hiru puntu igo da, hemendik aurrera %21ekoa izanez.
Eskolara itzultzea, garestiago
Oporretatik itzultzeak poltsikoan eragin die herritarrei martxan ipini berri den neurriarekin. Eta zertan sumatuko dira BEZ igotzearen ondorioak? Beste askoren artean, etxebizitzak erosterako unean, zinemara joaterako orduan, higiene produktuak erosi, bai eta telefonoz hitz egin edota interneten nabigatzeko orduan baliatzen diren tarifetan nabarituko da merkatuaren garestitzea.
Baina kontsumitzaileek gehien nabarituko duten igoera eskola materialak jasan duena izango da, %21eko BEZa ezarri baitzaie aurretik %4a zuten zenbait gairi; besteak beste, boligrafo, karpeta, eta abarri. Aldiz, testuliburuek orain arte bezala BEZ supermurriztua edukitzen jarraituko dute.
Saltokiak eta BEZa
Nola eragingo die igoerak denda txikiei? Indarrean sartu aurretik, kontsumitzaileek gehiago erosi ote dute?
Ibai-Arte Arrasateko Merkatari Elkarteko kide den Jesus Mari Elkorok GOIENAri adierazi dionez, irailaren 1a baino lehen gutxi nabaritu dute jendearen jarreran BEZa igotzear zenik:“Eta gurean behintzat, ez dugu ohi baino gehiago saldu”.
Aurreikuspenez galdetuta, Elkororen ustez ondorioak ez dira berehalakoan nabarituko, komertzio txikien kasuan behintzat. “Datozen bi hilabeteetan igarriko da, poliki-poliki joango baikara salneurriak egokitzen”, adierazi du.
Ez da hori zenbait saltoki handiren kasua Elkororen hitzetan: “Horietariko batzuk produktuak garestitzen joan dira udan zehar; igoera indarrean sartuta ez dutela BEZik igo esango dute. Enpresa handiak, marketin estrategia handiak”, gaineratu du Ibai-Arteko kideak. Horrez gainera, Elkororen iritziz, posible da, baita ere, zenbait saltoki txikik BEZ igoerarik ez aplikatzea, modu horretan prezio lehiakorragoak lortzeko.
Eskaintzen ordua
Merkatuaren garestitzearen aurrean, saltzaileen irudimena martxan ipini eta eskaintza bereziak iragartzen dituzte. Eroski da, esaterako, bide hori aukeratu dutenetako bat, eta elikagai, informatika, etxetresna eta gasolindegiko produktuei eragingo dien eta irailean zehar martxan egongo den kanpaina bat abiarazi du. Enpresako Marketin zuzendari Amable Galacheren arabera, “kooperatibak bezeroen alboan egon nahi du familiako ekonomiaren oreka mantentzen lagunduz”.
Aurretiako erosketak
Zergak igo osteko eskaintzez gainera, aurrez adierazi bezala, irailaren 1a baino lehen, hau da, BEZa igo aurretik, pertsona ugari izan dira erosketak egiteko aprobetxatu dutenak: eskola materiala dela, edota etxebizitzak, altzariak, garraio-txartelak, garbiketa produktuak, zein automobil berria, esate baterako.
Arrasateko Chapime kontzesionarioko Mikel Loitik hauxe adierazi du: “Uztaileko eta abuztuko salmentetan zertxobait igarri dugu BEZa igotzear zela ohi baino kotxe gehiago saldu baititugu. Baina egia esan, tamalez ez da etxafuegoak botatzeko moduko zerbait izan".
"Nabaritzen da etorkizunean zer datorren ikusita jendea dirua gastatzeko beldur dela, eta nahiago du aurreztu. Ondorioz, auto berria erosi dutenek benetako beharra zutelako izan da. Halere, salmentek gora egin ez badute ere, tailerrean lan handia dute, eta hori ona da”, gaineratu du Loitik.
Egoera berri honen aurrean batzuk ezkor eta haserre agertu diren neurrian, beste hainbat erabiltzaileren ustez beharrezko neurria izan da epe luzera krisitik ateratzeko. Kontsumitzaileen poltsikoetan eragin baldin badu ere, diru biltzea handituz, diru-kutxak bete eta krisiari aurre egiteko modua baita zenbaiten ustez.