Etxerako langileak kontratatzeko laguntzak

Mireia Bikuña 2012ko irailaren 3a

Etxeko langileak kontratatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzak esan duenez estatuko laguntza handienak izango dira, eta urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte sinatutako kontratazio guztietan Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoaren %30 emango dute.

Oraingo laguntza hau, Gizarte Segurantzak dagoeneko ematen duen %20ari gehituko zaio, eta urtebeteko iraupena izango du, eskatzen den egunetik aurrera. Bi milioi euroko partida jarri du Lanbidek asmo horretarako.

Lan-baldintzak hobetu

Atzera-eragina izango dutenez, urtarrilaren 1a eta abuztuaren 20a bitartean etxerako inor kontratatu duenak hilabeteko epea izango du Lanbiden laguntza eskatzeko. Epe berbera izango du etxeko langileei alta ematen dienak.

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri honek etxeko edozein lanetarako laguntza emateko asmoa du, etxeko langileen lan-baldintzak hobetzeko abiarazi den erregulazio-aldaketaren barruan. Dena den, abuztuaren 20a baino lehenagoko alten kasuan, ordaindutako kuotak ere aurkeztu beharko dituzte. Lanbidek sei hilabeteko epea dauka aurkeztutako eskaera bakoitzari buruz erabakia hartzeko.

"Eskubideak ugaritu"

Planifikazio eta Enpleguko sailburuorde Javier Ruizek esandakoaren arabera "etxeko langileen eskubideak uga- ritu eta sendotu" gura dituzte. "Laguntza multzo honen bidez, betidanik ezkutuko ekonomiari lotuta egon den sektorea normalizatu gura dugu, betidanik langile horiek, gehien bat emakumeak, inongo babesik gabe egon direlako", esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak