Omenduei dagokienean, Kortak, Urtiagain baserriko 86 urteko artzainak, gaur egun 200 buruko artaldea du, hala ere, 510 ardi izatera ere iritsi zen garai batean eta atzo merezitako omenaldia jaso zuen: artzain makila eman zion Josu Etxezarreta Artzain Eskolakoak. Omenaldia jaso zuelako "gustura" zegoela aitortu zigun Kortak. Kontatu zigun baita ere urtetan joan dela Legazpira Artzain Egunera eta gazta lehiaketan ere parte hartu izan duela. Urte batean bigarren saria eskuratu zuen, gainera.
Bestetik, Maximo Zumalde Araotz auzoko Madina baserrian bizi denak, jaso zuen artzain aipagarriaren omenaldia, 180 ardi ditu gaur egun eta Euskadiko Latxadun Elkarteko Jon Murgiondo lehendakariak eman zion saria. Elkartearen barruan buru belarri lan egin duen bazkide den artzain bati ematen zaio sari hori, hobekuntza genetikoan eta artzaintzaren alde modu berezian eta kementsuan aritu den artzainari, eta ondo merezitako omenaldia "oso pozik" jaso zuen Zumaldek ere. Betidanik ezagutu dituzte ardiak Madina baserrian ere eta bizitza guztia eman du Zumaldek artzain, Kortak bezala.
Biek esan ziguten esker onez jaso zutela Legazpin egindako omenaldia eta oraindik artzaintza munduan lanean jarraituko dutela azaldu ziguten bi artzain oñatiarrek.
Txakur irabazlea, arrasatearra
Aurtengo Gipuzkoako Artzain Egunaren barruan, Gipuzkoako XLIV. Euskal Artzain Txakurren lehiaketa ere ospatu zen. Bertan hiru debagoiendarrek hartu zuten parte; Arrasateko Jesus Mari Plazaolak Gure izeneko txakurrarekin, Oñatiko Migel Arregik Mendi txakurrarekin eta Jose Luis Madinabeitia oñatiarrak Txiki izeneko txakurrarekin. Arrasateko Plazaola izan zen irabazlea azkenean.

Jesus Mari Plazaola arrasatearraren Gure txakurra izan zen artzain txakurren lehiaketako irabazlea.
Gazta lehiaketa
Gipuzkoako Artzai Gaztaren 28. lehiaketa ere atzo, domeka, jokatu zen Legazpin eta Oñatiko Gomiztegikoa bederatzigarren postuan geratu zen sailkapenean. Ez zuen, beraz, saririk lortu, baina, hala ere, Euskadiko txapelketan parte hartu ahal izango du, izan ere, lehenengo 10 postuen artean geratu zen.
Gazta lehiaketako irabazlea Joseba Intxausti ordiziarra izan zen eta 540 euroko saria eta txapela eskuratu zituen.
Epaimahaian zegoen Alberto Elorza oñatiarrak esan zigun aurtengo gazta lehiaketan "nahiko maila ona" zegoela: "Gauzak geroz eta hobeto egiten ditugu eta lehiaketara aurkeztu diren gazta gehientsuenak oso lortuta daude; bakarra da ketua eta, egia esan, horrelakoekin oso argi ibili behar da ke gustua puntuan izatea oso konplikatua izaten delako".
Egitarau oparoa
Baina atzoko Legazpiko ospakizuna ez zen mugatu omenaldi eta lehiaketetara, bertaratutakoek askotariko aukerak izan baitzituzten:
Etxeko txikienak gazta nola egiten den ikusten.
Ardiak nola eskilatzen diren ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Baserri ugaritako ardiak ikusgai izan ziren Legazpin atzo, domeka.