Kakuetako arroila, urak sortutako paisaia ikusgarria

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko ira. 1a, 13:22

Aste bukaera batean egiteko moduko irteera da jarraian proposatuko dudana. Irailean zehar, uda giroa aprobetxatuz, Euskal Herritik irten barik egin daitekeen bisita. Guk abuztuko lehenengo egunak aprobetxatu genituen. Izabako kanpinean izan ginen eta handik joan ginen Kakuetako arroila bisitatzera.

Izabako Asolaze kanpinean jarri genuen kanpin denda. Leku zoragarria da, lasaia eta hainbat irteera egiteko aukera ematen duena.

Santa Graziko eliza erromanikoa

Kakuetako Arroila Santa Grazin dago (Zuberoa). Izabatik Belaguako mendatea igo behar da eta handik Santa Grazira jaitsi. Herri txikia da. Santa Graziko historia bere elizari lotuta dago: XI. mendeko eliza erromanikoa eta hilerri tradizionala ikusgarriak dira. 

Kakuetako arroila

Uhaitxa ibaiak urteetan erosioaren bidez eraturiko arroila da Kakueta eta bi kilometro inguruko luzera du, eta hormen altuera puntu batzuetan 350 metroraino heltzen da. Arroila oso estua da, tarte batzuetan horma bien artean 3 metroko zabalera besterik ez dago. Bertako kondairak dio arroila Errolanen (Karlomagnoren iloba) ezpatarekin sortua izan zela.

Ur jauzi ikusgarri bat dago arroilaren amaieran.

 

Turismorako guztiz prestatuta dago, bidezidor eta heldulekuekin. Edozeinek bisitatzeko modukoa dela diote, baina han dagoen hezetasunaren ondorioz oso labainkorra da zorua. Dena dela, bisitatu ahal izateko, sarrera ordaindu beharra dago (5 euro).

Segurtasun arrazoiak direla-eta, arroila itxita egoten da azaroaren 15etik martxoaren 15era.

Zuberoan barrena

Esan dudan bezala, leku hezea da Kakueta. Gu han izan ginen egunetan Izaba aldean zerua urdin egon arren, Belagua igo eta Zuberoa behe laino artean ikusten genuen. Horrelako paisaia ederrak izateko euria egin behar du!

Inguruan dago baita ere Holtzarteko arroila eta zubi ikusgarria. Gu Santa Grazitik Larrainera joan ginen eta handik Larraineko mendatea igo eta Izabara. Uztarrotze herria bisita daiteke bidetan, bainua hartzeko erreka ederrarekin.

Mendi irteerak

Mendia gustuko dutenek Auñamendi (2.507), Hiru Erregeen Mahaia (2.444), Petretxema (2.371), Ezkaurre (2.050), Txamantxoia (1945)… aukera ederrak izango dituzte mendian ibiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak