Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketaren 44. edizioa izango da aurtengoa. 17:30ean hasiko da Urtatzako zelaian, pantanora bidean.
Bina ariketa egin beharko dituzte:
- Sei minuturen barruan, artzainaren esanetara, txakurra artaldera joango da, baina zelaiaren barrenetik; bidean bi aldiz geldiaraziko da txakurra, epaimahaikoak esandakoan. Ondoren, artaldera sartu eta zelai erdian dagoen hesiaren tartetik pasatuz artzaina dagoen lekura ekarriko ditu ardiak. Ardiak eta txakurra artzainaren inguruan geldi geratu beharko dira, epaimahaikoek esan arte. Hori lortu ondoren, epaileen esanetara berriz ere, eskuineko edo ezkerreko hesi-tartetik pasa beharko dira ardiak.
- Zazpi minuturen barruan, artzainaren esanetara, banderatxoz seinalatutako bidetik joan beharko du txakurrak eta ardiengana sartu, artaldea hartu eta erdian dagoen eskortan sartzen saiatu; ardi guztiak satzea lortuz gero, ondoren, zakarkeriarik gabe atera beharko dira.
Gipuzkoako Artzain Egunaren baitan egingo da txapelketa eta Artzain Gaztaren Lehiaketa ere jokatuko da. Sarituak eta omenduak ere izango dira; tartean, debagoiendarrak. Egunean zehar izango direnen gaineko xehetasun denak www.gipuzkoakoartzaineguna.net webgunean.