Oñatin: musika eta akrobaziak
Kalean egitarauko bi hitzordu izango dira, esaterako, asteburuan Oñatin: gaur bertan, egubakoitza, 22:30ean hasita, Anarik eta Josu Zubiak kontzertua eskainiko dute Atzeko Kaleko agertokian. Sarrera doan izango da. Eta bihar, zapatuan, 19:00etan, Chongqing taldeko akrobata txinatarrak izango dira Herriko Plazan.
Arrasaten: zinea, musika eta antzerkia
Arrasaten, zineaz aire librean gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Un feliz acontecimiento filma emango dute, gaur, 22:30ean hasita, Arrasateko Monterron parkean.
Eta Arrasaten jarraituz, punk rock kontzertua izango da gaztetxean, zapatuan, 22:00etan hasita. Arrasateko Interprete Desconocido eta Drop! taldeek eta Galiziako Nobody's Fool taldeek emango dute kontzertua. Sarrera doakoa izango da.
Baina zineaz eta musikaz bakarrik ez, antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango da: domekan izango da ikuskizuna, gurdi baten barruan. Karroart taldeak La mosquitera antzezlana eskainiko du, Udabazal egitarauaren baitan, Sebero Altuben, familia osoarendako.
La mosquitera izeneko antzezlanean gurdia da protagonista. 30 pertsona sartzen dira han. Ikusleek esperientzia ahaztezina biziko dute. 20 minutuko ikuskizunean hitzaren antzerkia hurbilduko dira, film mutuen eta animazioaren hastapenetara.
12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egingo dituzte emanaldi laburrak; ordu bakoitzean hiru egingo dituzte.
Bergaran: artea
Bergaran, bestalde, Jabier Herrero laudioarraren erakusketa dago gaurtik. Artista arabarrak Bernardo Soaresen mitoa izeneko eskultura eta pintura erakusketa irekiko du gaur iluntzean.
Erakusketa irailaren 16ra arte egongo da zabalik, ohiko ordutegian: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeka eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara.