Txina, tradizioa eta modernitatea

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko abu. 30a, 10:35

Txinatik etorri berri gara. Bidaia prestatzen hasi ginenean buruan ohiko irudiak genituen: Harresi Handia, Tianamen plaza, Hiri Debekatua eta jendetza izugarria… Baina gauza askoz gehiago ere baditu, eta ia hilabete han izan ondoren, eskema zein uste asko aldatuta etorri gara. Esaterako, agintean Alderdi Komunista izan beharrean Alderdi Kontsumista dagoen inpresioa ekarri dugu.

Txina izugarri handia da eta gu ekialdialdean baino ez gara ibili. Hiriburu nagusienetan, Beijingen, Qingdaon eta Shangain eta horrek herrialdearen oso ikuspegi mugatua ematen duela garbi dago. Beijing izan zen Txinako gure atea. Hasieratik txundituta utzi gintuen. Hiri handia izan arren erosoa da eta metroan zein autobusean ibiltzeko ondo prestatuta. Harresi Handia, Tianamen, Hiri Debekatua, Hutongak, jateko toki bikainak… gustora ibili ginen Beijingen. Baita lau urteko seme Paulo ere, batik bat zoo-an eta aquarium-ean.

Qingdaoko hondartzetara

Beijingetik Qingdaora tren azkarrean joan ginen. 5 ordura dago eta han jokatu ziren 2008ko joko olinpikoetako uretako kirolak. Txinatarrentzat udako opor lekua da. Izan ere, txinatarrek ere badute aisialdia, eta ondo dakite ondo nola pasatu. Qingdaoko alde zaharrak oraindik mantentzen du lehengo xarma; alde berriak berriz eraikuntza moderno eta etxe orratz ugari ditu. Hondartzei dagokienez, gustora egoteko modukoak ziren eta toaila lurrean jartzeko inongo arazo barik.

Shangai distiratsua

Shangai ekonomia aldetik Txinako hiririk garrantzitsuena da. Edonora begiratuta Ferrariak, Lamborghiniak, Audiak, Porscheak, Chanel, Gucci… ikus zitezkeen. Etxe orratzen itzalpean Asiako Paris deitzen dioten hiriak mantentzen du oraindik iraganeko xarma eta dotoretasuna. Eguzkia desagertu eta iluntasuna nagustzen denean, ia zerua ikutzen duten eraikinen argi disdiratsuek Shangai dotore janzten dute. Onerako edo txarrerako Shangai ikusi eta gero eskema asko aldatu zaizkigu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak