Arrasateko pare bat lagunekin hartu genuen Pirinoetarako bidea egubakoitzean, Guarako parkera, Sabiñanigotik hegoaldera hartuta. Aspaldian mendian bizikletan gutxi ibilita, eta zer eta enduro egiteko asmoaz, hau da, bizikletekin akerrak ibiltzen diren moduan ibiltzea, erraz ulertzeko. Paraje zakarra da Guarakoa, kontraste handikoa, eta bere berezitasunekin, ederra. Hori bai, egun osoan ez genuen inor ikusi.
Euri gutxi egiten du han, eta neguan bizikletan ibiltzeko aparta da. Baina, abuztuan derrigorrezkoa da ura aldean eramatea, dezente; eta gu alde horretatik justu samar ibili ginen.
Eskerrak azken igoerarako iturritxo bat aurkitu genuen, bizkarrean eramaten diren ur poltsak negarrez genituen-eta ordurako. Eztarriak siku, baina begiak zabal-zabalik:
Bide zakarra izan zela aurreratu dut, harri solte askokoa, igoera gogorren bat edo beste eta baita jaitsiera ederrak ere; azkena, batez ere, Belsueko urtegia –siku zegoen...– atzean utzi eta Nocitoko herrira doan mendatea igo ostean geratzen den azken jaitsiera. Ez ziren oso azkar jaisteko tramuak (hobe esanda, ez genuen gaitasunik), eta komeni ere ez, han min hartuz gero soluzio txarra genuelako. Ibilbide osoan adi ibili behar, horrenbestez.
Domekarako, berriz, ezezkorik eman ezin daitekeen gonbidapena genuen. Sarera bideo ederrak igoaz geroago eta ezagunago egiten dabilen Ian Baquerinen eskutik Canfranc inguruan dagoen jaitsiera ikusgarrietako bat egin ahal izan genuen, Descenso del ruso izenekoa. Neguan eskiatzaileek ondo ezagutzen duten jaitsiera da, Astuneko eski estaziotik hasi eta pistetatik kanpo Canfranc-eraino jaisten dena. Eta Baquerinen ondorengo bideoak erakusten duen moduan, hitzik gabe uzteko modukoa da.
Eski pistetatik lasai-lasai igo ostean hamarretakoa egin eta El Ruso-n beherako bidea hartu genuen. Lehenengo tartea teknikoki nahiko zaila du; ez dago biderik antzematerik, malda handiko eta koska sakoneko soro batetik behera egin behar da.
Baina berehala antzematen da bidexka estu bat, eta hura jarraituta egin behar da behera, oso kurba itxiak bata bestearen ostean kateatuta. Hor Baquerinek kurba horiek zelan hartu azaldu zigun, truku batzuk, baina irakasle onak ikasle eskasak zituen. Lurrera eroriz gero, hori bai, zapatukoak baino harri gutxiago zituen ibilbideak.

'El ruso'-ren hasierako kurba itxiak. Argazkia: www.ianbaquerin.com
Jatorra iruditu zitzaidan tipoa, eta zelako maila duen bizikleta gainean! Bada, berak jaisten duen moduan ez (nahi bai...) baina hala edo nola lortu genuen burua apurtu barik Canfrancera iristea, eta ez da gutxi. Igotzen barik, jaisten, eta hala ere berotu galanta hartu genuen; soluzioa, errekan bainua hartzea. Esandakoa, estutu ederra eman didala bizikletak asteburuan, alderantziz behar zuenean.
Amaitu aurretik esan, Pirinioek aparteko aukerak eskaintzen baditu ere, aurki hasiko direla Debagoieneko mendi bizikleta martxak, horiek ere ederrak. Buelta on oporrak amaitu zaizkizuenoi.