500. urteurrenaren aitzakian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2012ko abuztuaren 26a

Bidean abiatu aurretik senide eta lagunei Espainia konkistatzera gindoazela esaten genien broma antzean, eta 10 egun geroago Granadan atera genuen argaki horrek badirudi zertxobait lortu genuela. Uztailaren 31n abiatu ginen Oñatitik Iratxera. Lizarraldean pare bat egun eginda furgoneta berdea bilakatu zen aurrerantzean gure aterpea Espainia zeharkatzeko asmoarekin.

Soriako Laguna Negra inguruan izan zen lehenengo etapa; handik Segoviara eta lagun batek dioen moduan, Espainiako sartakinara, Toledora gero. Mapan behera egin ahala, espero moduan, termometroak gora eta gora. Baina gustora! Kanpotik ura eta ura: orain lakuan, hurrengoan igerilekuan, egun batzuk barru itsasoan bainatzeko asmoarekin; barrutik, berriz, ura eta garagardoa. Gogoan dut Toledon paseotxo baten ostean edan genuena; garai bateko film espainiar bateko karteleraren argazkiaren itxura zuen hura.

 

Bidaia honetan ere,  beste askotan moduan, asko ikasi dugu; horien artean Espainiako esaera zahar batzuren esanahiak. Nork ez du erabiltzen “por los cerros de Ubeda” lekutan edo galduta adierazteko? Ulergarria! Hantxe dago-eta, Jaen hiriburutik 40 kilometrotara; gure karakolarentzako akanpalekuetako bat aurkitu genuen han.

Gogoko dut mapan kolore laranja eta berdea duten bideetan ibiltzea. Ez dira kilometroak egiteko azkar edo praktikoenak baina bai istorio politak aurkitzeko egokiak. Gogoan dut Ubedako kanpineko emakumeak Gipuzkoa atzerrian zegoen galdetu zigunean jarri genuen harridura aurpegia (egun batzuk beranduago, gure “konkistaren” beste lorpen moduan kontatzen genuen broma antzean). Espainiar esaerekin jarraituz, bidaia honetan ikusi dut Pinto eta Valdemoro artean, Parla dagoela; Madril inguruan.

Zeharkatu ditugun laranja eta berde koloreko bideak ere aproposak dira tokian tokiko lurraren fruituei begiratzeko: Sorian girasol horiak; Jaengo olibondoak; Malagako Ronda herriko plazatxo batetako laranjak; Marbellako golf zelai berdeak; edo Sevillako limoiak, batzuk aipatzearren; eta horiei gehitu behar, Granadako kostaldeko platanoak (Costa Tropical) eta negutegi erraldoien azpian gure begiendako ezkutuan gelditzen zirenak.Granadako Alhambrako lorategietan ere ibili ginen.

Bide horietan zehar ere ederto ikusten da tokian tokiko “etxegintza”; kanpinetan aurkitu ditugunek ere merezi dute aipamena: arkitektoek eraikitako telazko etxeak ziruditen askok! Baina aipamen berezia, duda barik, Sevillarako bidean Rondatik gindoazela, lautada zabal eta antzuetan  ikusi genituen etxe zuri bakartietan bizi zirenenentzat.

Horrelako bidaiak ere aproposak dira jendea ezagutzeko; egun bat edo bitako lagunak sarritan, kanpinean aldamenean tokatu zaizulako, besterik barik. Probintzia batetik bestera aldatzean, gogoko dut tokian tokiko jendeaz tratatzea ere. Kafea zerbitzatzeko edo ogia saltzeko modua nahikoa da askotan, ondorioak ateratzeko; ahaztu barik, topikoen eta parean tokatzen zaizun pertsonaren aldartearen eragina. Bidai honetako nireak hauek, modu azkarrean: Soriako etxekoiak; Toledokoak zakarrak; Granadakoak “korrektoak”, nahiz eta hotz samarrak ere bai; Malagakoak jatorrak eta Sevillarrak xinpatikoak...

 

Ez naiz souvenirzalea, baina oraingoan erosi ditut: andaluziar soinekoa, ilerako lorea eta abanikoa. Sevillan erosi genituen bidain hainbat ikusi ondoren, horixe zen-eta Lurren ilusioa Oñatitik abiatu orduko: Sevillan bertan erostea. Ezin baina zapata gorrien tentazioari eutsi eta Granadan erosi genituen aurrez.


Egin beharrekoak eginda, etxerako bidea hartu genuen karakol berdean abuztuaren 23an. Paraje gehiago ezagutzeko irrikaz oraindik, beste bide batzuk aukeratu genituen mapan gora egiteko (kolore zuri-gorriko bideak, guztiak oraingoan): Sevillatik, Meridatik pasatuta, Caceresera eta handik Plasenciara atsedena hartzera. Hurrengo eguerdian berriz ere martxan, Salamancara lehenengo, Valladolid hurrengo, eta Burgostik Araban sartuta. Debagoienera helduta, aiton amonei bisita eginda, egubakoitzeko gauerdian sartu ginen gure etxera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak