Oñati-Fuente Dé-Alto Campoo-Oñati

Mireia Bikuña 2012ko abuztuaren 27a

Uztailaren 15etik abuztuaren 14ra Nojan egon ondoren, lanean hasteko eguna iritsi zitzaidan. Abuztuaren 15a. Hiru egunetan Aretxabaletako jaietan buru-belarri lanean ibili ondoren, senarrak eta biok Potes (Kantabria) aldera egin genuen aste bukaeran. Bikinia, toalla eta krema potea alde batera utzi, eta fraka-motzak eta mendiko botak sartu genituen maletan. Fuente Dé-ko teleferikoaren ondoan hasten den PR-PNPE. 24 zen gure helburua. 11 kilometroko ibilbidea.

Egubakoitzean heldu ginen Kantabriara. GPSaren laguntzarekin Casa Fidela turismo etxera heldu ginen. Lomeña herrian dago: txikia bezain lasaia. Potesetik zortzi bat kilometrora. Bero-alerta egunak ziren, eta turismo etxeko ugazabek esan ziguten egun horretan 40 gradutara heldu zirela termometroak. Horrek, noski, eragina izan zuen lo egiteko orduan. 

Zapatuan goiz jaiki eta 10:00etan Fuente Dén geunden. Teleferikoa hartzeko txartelak ordaindu (helduek 9,5 euro eta umeek 4) eta goranzko bidea hartu genuen, zerurako bidea. Paisaia ikusgarria eta goian –1.847 metro– haize indartsua. Miradorean erretratu batzuk egin eta bideari ekin genion.

Teleferikoaren atzean dagoen pista hartu eta Horcadina de Covarrobresera heldu ginen. Bidegurutzean eskuinetara hartu genuen. Handik Collado de Juan Toribiotik pasa eta bapatean txalet gorri bat ikusi genuen. Erret txaleta deitzen diote. Alfontso XIII.ak han hartzen zuen ostatu ehizara eta arrantzara joaten zenean.  Handik gertu, Aterpea dago.

Peña Oviedo

Aterpetik kilometro batera, ermita bat dago, Virgen de la Salud-en omenezkoa da. Itxita zegoen. Uztailaren 2an egiten dute jaia. Bidetik aurrera eginez, iturri eder batera heldu ginen: Fuente de los asturianos. Ura fresko-freskoa.

Kantinplora urarekin bete eta Peña Oviedora hartu genuen. Zaldi artean mokadutxoa egin eta erretratu batzuk atera ostean, egindako bidetik, berriro, iturrira heldu ginen.  Kantinplorak berriro bete, eta Espinama aldera hartu genuen.

Azken kilometroak pago, iratze, haritza eta hurritzen artean, gerizpean egin genituen, berriro Fuente Dé-ko aparkalekura heldu arte. Nekatuta eta berotuta, baina pozik egindako bueltarekin.

Fuente De-tik Lomeñarako bidean Santo Toribio de Liebanan sartu ginen. Fededun eta peregrinoen bisita lekua da. Handik Casa Fidelara. Dutxa freskoa hartu eta afaltzera Potesera.

Alto Campoo

Domekan, etxerako bueltan, Alto Campoora joatea pentsatu genuen. Eski estazioa elur barik ikusteko aukera paregabea. Autoarekin goraino heldu eta handik Tres Mares mendatera igo ginen. Izen hori dauka han sortzen diren urak hiru itsasotara joaten direlako: Mediterraneora, Atlantikora eta Kantauriarrera. 

Casa Fidela

Udako kronika horren sarrerakoan esan dizuet Lomeñako Casa Fidela etxean hartu genuela ostatu. Merezi du. Etxea dotorea da, parajea ikusgarria eta gosariak...mundialak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak