Mediterraneoko zapore biziak

Ubane Madera 2012ko abuztuaren 24a

Hondartza luze luzeak, giro eta ur beroak,  iluntze eta gau biziak eta itsaso bazterreko paseo amaigabeak gustuko izanez gero, Calafell (Tarragona) aukera ederra da udako oporretarako. 

Gure etxetik bost bat ordutara dago automobilez eta autopistaz etorriz gero, eta hori bai,  garesti samarrak ordaindu beharra dago bertara iristeko. Baina behin autoa aparkatuta, inguruak ezagutzeko garraiobide eroso eta merkea eskaintzen du Calafellen bertan geralekua duen trenak. Bartzelona paregabea dago, adibidez, ordubetera trenez ( joan etorria ia 9 euro pertsonako).

Eta Bartzelonarako bidean ere bada zer ikusia, Sitges edo Vilanova i la Gertru herriak, esaterako.  Tarragona aldera egin nahi izanez gero, berriz, hobe automobila hartzea, trenak ez du eta lotura onik ematen.

Hala ere, bide luzeegia egin barik (ordu laurden, errepide arruntetik) Roda de Bara herri ederra bisita daiteke. Hondartza txikiz inguratuta, herrigune benetan bitxia dauka. Oinezkoendako bakarrik, kalean gora eta behera eginda, Andaluziako arabiar estiloko patioa, gaztelu itxurako etxea edo erromatarren aztarnak aurki daitezke. Inguran, bestalde, etxe ikusgarriak ditu. Halako bat du, adibidez, Luis del Olmo kazetari beteranoak.

Dena den, oporretako herritik mugitu barik ibiltzea nahiago duen horietakoa bazara, Calafellen bada horretarako bidea. Azala beltzaran ipiniaz, goiza eta arratsaldea hondartzan emateko ohitura handia dago. Iluntze partean, berriz, paseatzeko, helatuak, hortxatak edo granizatuak hartu, eta zela ez, inguruko dendak ikusi eta kapritxoren bat erostera ateratzen da jendea.

Finean, Mediterraneo kutsu bete betea eskaintzen dio bisitariari Calafellek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak