Iritsi gara Berlinera. Esnatu eta leihotik begiratuta, hauxe:
Tira, gogoko lekuan aldaparik ez eta erabateko turista papera hartuta, mapa, argazki kamera eta abarrak aldean, bagoaz hiria esploratzera. Eta hortxe ageri dira Brandenburgoko atea,
alemaniar legebiltzarraren egoitza den Reichstag-a eta Norman Forsterrek egindako kupula,
Holokaustoaren biktimen omenezko monumentua, 2711 harrik osatua,
eta nola ez, Berlingo harresiari erreferentziak nonahi. Lurrera begiratuta aldiro ikus daiteke harresia hortik pasatzen zela adierazten duten arrastoak.
Eta badira oraindik harresiko zatiak zutik. Betiko lekuan batzuk, eta apropos jarritakoak beste batzuk:
Eta baita garai batean hain puntu latza izanda, egun parke tematiko kutsua hartu duen Check Point Charly ezaguna ere.
Eta iritsi gara seguruenik guztien artean ezagunena izango den East Side Galleryra. 1.300 metroan zutik dirauen murrua. 1989an harresia ireki zenean graffitigileek arbel gisa erabili zutena urtetan ezin izan zutena adierazteko; eta handik 20 urtera berriz margotu behar izan zutena, bisitariek egindako apurketa eta pintadek erabat zatartu zutela-eta.
Izan ere, bada zerbait oporretan leku ezberdinak bisitatu izan ditudanean harritu izan nauena: gu ote gara oporretara errotulagailu sendoa edo tippex-a aldean ditugula joaten ez garen bakarrak? Ez dut sekula ulertu bertan egon izanaren testigantza idatzia utzi behar hori. Hala, denok jakin dugu bertan izan direla lagun hauek...
Eta baita Nerea ere...
Nerea? Bai, Nerea. Zin dagit ez naizela ni. Errotulagailu potolo eta tippex-a oporretan ahaztu beharreko eguneroko gauzen artean sartzen ditut nik; eta ez bidaiatzerakoan hortzetako eskuilarekin batera eraman beharrekoen zerrendan.
Eta harresiari erreferentzia egiten dion beste leku bat Meuerpark edo Harresiaren Parkea da. Garai batean errepresio gune izandako lekuan, batez ere domekatan bizi-bizi dagoen lekua. Nahi duzuna saldu edo eros dezakezun azoka izaten da bertan, eta baita etxetik behar besteko tresnak ekarrita egun pasa egiten duten familia eta lagun taldeak ere.
Eta bada gune bat guztien artean ezagunena: karaokea. Ehunka pertsonen aurrean inongo lotsa barik barrenak uzteko gune askea. Duela urte gutxi arte, askatasun egarriz, ihes egiten ahalegintzen zen jendea bertatik. Orain gutxi gora behera nahi duzuna egiteko askatasuna daukazu parke horretan.
Hiri ederra da Berlin. Iragana oso presente; baina aurrera begiratzen duen hiria ere bada. Sony Centerrek liluratu ninduen.
Bulegoak, hotela, jatetxeak, zinemak... eta alfonbra gorria, eta fotocalla-a, eta prentsa... nor eta Colin Farrel ei dator bere azken filma aurkeztera. Ai ene! Bost ordu aurretik jendea barandan lekua hartzen.
Barkatu, Colin, baina nahiago dugu lasai eseri. Egunean zehar Berlingo kaleak goitik behera, ezkerretik eskumara eta baita diagonal zein zirkuluan ere zeharkatu ostean, hankako minaren minez, bagoaz terrazara... Garagardoa mesedez. Alemanian zaude-eta! Eta jateko, bada, saltxitxa, edo ukondotxoa, edo patata modu batera zein bestera prestatuta...

Non ote daude gure etxeko arrain eta barazkiak!
Eta horrela joan ziren gure egunak Berlinen. Egun batzuk geratzen zaizkigu oraindik lanera itzuli aurretik eta gustura itzuli naiz, hemen ere lasai-lasai ibiltzeko gogoz. Banoa kalera. Bero handiegia oinez joateko. Igogailuan sartu eta hara! Ahots batek eskatzen dit garajera jaitsi ahal izateko kodea. Urtean zehar ia egunero sakatzen duzun kodea da..., da..., da...
Eta igogailutik irtetera noala bizilaguna agertzen da eta nik, lotsa-lotsa eginda, garajerako kodea ahaztu dudala esaten diot. Imajina dezakezuen harridura eta barregura arteko aurpegia jarrita, igogailura sartu eta berak markatu dit gakoa, "kanpoan izan zara, ezta?" irribarretsua botatzen didan bitartean.
Orduan konturatu naiz, harresirako barik, buruan erabili dudala tippex-a nik...