Irlako lasaitasunetik hiriko zoramenera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abuztuaren 23a

Menorka, kala edo senai ikusgarrien irla. Brut, Turqueta, Macarella eta Mitjana moduko kala zoragarrien babesleku; horiek irlara doan turistak ezagutuko dituenak seguruenik. Baina badira beste hainbat, paradisu hura ondo ezagutzeko egonaldia ondo antolatzea eskatzen dutenak. Zoratu barik, lasaitasuna da-eta irlaren isla. London, bestalde, zoramena. Sekula amaitzen ez den hiria, denetariko jendez osatutako joan-etorri etengabea oinarri. Bizia, oso bizia, eta aukeran garestia izan arren bisitatzea merezi duena, zalantza barik.

Oporrak beti labur, baina Menorkan hamar eguneko egonaldia bereziki geratzen da motz. Kala eta paraje zoragarriak ditu irlak baina, lastima, irla osoa ezagutzea ezinezkoa egin zitzaigun. Hala ere, bidaiak eman zituen bere fruituak: hegoaldeko Brut, Turqueta, Macarella -eta Macarelleta- eta Mitjana ezagutu genituen. Harea zuria eta ur gardena, Karibeko edozein hondartzan geundela pentsarazten zutenak. Eta hori guztia ordubete eskaseko hegaldi baten ostean.

Argazkia: Kala en Brut. Ederra bereziki eta jauzietarako aproposa.

Iparraldea ere zapaldu genuen, oso bestelako parajea: harea gorria eta itsasoa ez horren gardena, baina ederra aldi berean.

Beste zenbait txoko ederretan ere egon ginen eta beste hainbat geratu zaizkigu ezagutzeke. Hortaz, agurrik ez Menorkari, hurrengora arte baizik.

Irla hobeto ezagutzeko gomendioen artean, hondartzetara itsasoz heltzea nabarmenduko nuke. Kayak-a edo itsasontzi txikia hartu, turista asko heltzen ez diren lekuetara hel daiteke. Bi aukerak probatu  genituen, eta beste lau lagunekin batera joanez gero, ez da garestia irteten. Kayak-a lau orduz hartzea 100 euro baino gutxiago eta 15 zaldi zituen itsasontzi txikian lau orduz ibiltzeko, berriz, 105 euro ordaindu genuen, guztion artean. Patroi beharrik ez eta, beraz, gura moduan ibili ginen nabigatzen. Ezin da gehiago eskatu.

Argazkia: Kala Galdanan, kayak-ean, lau orduz arraunean aritu ostean.

Argazkia: Iparraldeko zenbait kala ezagutzea ahalbidetu zigun 'txalupatxoa'.

Menorkari amaiera emateko krisiari aipamena egin behar. Ciutadellako gaua ezagutzera irten ginen aldietan -Mahon hiriburua 'hilik' dagoela konturatu ginen-eta- taxia hartu genuen eta hona gidariak behin eta berriz aipatu ziguna, jende gutxiago ibili denaren adierazle: "Aurreko urteetan taxia apartamentura joateko eskatuz gero, ordu eta erdi itxaron beharko zenukete". Birritan eskatu genuen taxia eta 20 minutu itxaron behar izan genuen bakarrik. Ciutadellako gauak taxi gidarien esanak berretsi zituen: taberna eta pubetan jende asko ez eta parranda giro gutxi.

Lasaitasuna zentzu guztietan...

Argazkia: Kala Macarelletan etzanda, arraunean aritu ostean. Lasai, oso lasai.

London, joan-etorri eta eskaintza amaigabea

Menorka utzi eta London era heltzean, zuritik beltzerako kontrastea. Lasaitasunetik zoramenera. Baina hiriko eromenean galtzeak badu bere xarma eta hori soberan dauka Londonek.

Heldu nintzenerako Joko Olinpiarrak amaituta zeuden dagoeneko eta beraz, ez nuen ikusi herrialde ezberdinetako zalerik. Ez naiz damutzen, jokoez aparte jende nahikoa dabil-eta hara eta hona. Hori bai, Stratfordeko parke olinpikoa ezinbesteko bisita zela pentsatu eta hara joan nintzen egun baten, baina itxita zegoen. Ezin beti asmatu...

Argazkia: Stratford-eko parke olinpikoa

Argazkia: London Bridge, eraztun olinpikoekin.

Hizkuntza muga izan daiteke akaso, baina ez hiria ezagutzeko oztopo. Bestalde, London garestia denik ezin ukatu. Garraio publikotik hasita garagardo bat hartzeraino. Hala ere, egunak aurrera doazen heinean, neurria hartzean dago gakoa. Nola? Hor norberaren abilezia sartzen da jokoan...

Garestia izan edo ez, eskaintza du amaigabea Ingalaterrako hiriburuak. Arropa, gastronomia edo kultura eskaintza izan, gustu guztiak asetzeko gai da London, zalantza barik. Eta zer erosi, jan edo ikusi jakiteko oso gomendagarria da Time Out aplikazioa jaistea smartphone bat duzuenendako.

Londoneko leku gomendagarriak, nire ikuspuntutik

Hona ezagutu ditudan lekuetatik nabarmenduko nituzkeenak.

Camden Town: Turistarendako leku ohikoenetako bat, erosketendako eta zuzeneko musikaz gozatzeko gune aproposa.

Argazkia: Camden Town-eko kale nagusia.

Westminster: Parlamentua eta Big Ben-a, derrigorrezko bisita.

Argazkia: Big Ben-a, Londoneko irudi esanguratsuenetarikoa.

Hyde Park: Hiriko parke handienetarikoa. Zelaian botata, lasai, egoteko paregabea.

Argazkia: Hyde Park, porlanezko hiriko oasi nagusia.

Canary Wharf: Enpresa handien gunea. Nabarmentzekoa Canada Square parkean abuztuan izan ohi den jazz jaialdia.

Argazkia: Canada Square parkean, jazz jaialdia. Zuzenean, Alexander Stewart eta haren taldea.

Exhibition Road: Museoz jositako etorbidea. Aipatzekoa Science Museum delakoa, oso interesgarria.

Argazkia: Science Museum-a, Buzz Aldrin astronauta atzean dudala.

Carnaby Street, Soho: Taberna giro ederra, iluntzean batez ere. Denetariko jende gaztea.

Argazkia: Carnaby Street, Sohon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak