Jantziak sabaitik zintzilik dauden hiru kubo handiren barruan daude, originala iruditu zitzaidan kuboen ideia. Gustatu zitzaidan baita, kubo hauek dituzten marrazkiak, Balenciagaren brodatuetan inspiratutakoak.
Bertako kafetegian kafe bat hartu eta ondoren bisita gidatura. Sei areto desberdinetan daude banatuta bere jantziak, aurrez aipatutako hiru kubo handien barruan.
Aipatutako sei aretoetan bere bizitzan egindako arropak gaika banatuta ikusi genituen. Horrela daude banatuta arropak aretoz areto: hasierako urteak, eguneko jantziak, koktelekoak, gauekoak, emaztegaiak eta funtsezko lanak. Horrez gain, sarreran bere bizitzari buruzko hogeita bost minututako bideo bat dago ikusgai.
Erakusketa orokorrean gustatu zitzaidan, baina gehien kokteleko eta gaueko jantzien atala eta baita 60ko hamarkadatik aurrera sortu zituen soineko sinpleak, apaingarri gutxikoak.
Gutxien gustatu zitzaidana berriz, larregiko brodatuak zituzten jantziak izan ziren. Guk lehenengo bisita gidatua egin genuen eta bukaeran bere bizitzari buruzko bideoa ikusi genuen, baina nik uste dut hobe dela lehenengo bideoa ikustea eta gero bisita gidatua egitea.
Bisita gidatua egiten geundela konturatu nintzen ikusten genbiltzan jantziak gaur egunean janzteko modukoak zirela, benetan aurreratua zen gizona.
Balentziagaren hiru ezaugarri nagusi: perfekzionista nekaezina izatea, joskintza teknikak eta ehunak erabat menperatzea, kolore biziak erabiltzea; bere gustukoena fuksia kolorea zen, eta bere diseinuetan emakumeari libre mugitzeko erosotasuna ematea.
Eraikina
Cristobal Balenciaga Museoaren arkitekturan bi atal bereizten dira. Bata XIX. Mende erdialdeko Aldamar jauregia eta bestea eraikin berria.
Museoaren eraikin berriaren bolumena eta egitura Julian Argilagos arkitekto kubatarrak asmatutakoak dira. Bolumetria luzetarakoa, sinusoidala eta ebakera trapezoidalekoa da, eta beirazko hormez itxita dago. Barruan, erakusketa aretoak sabaitik esekitako hiru bolumen handitan biltzen dira.
Cristobal Balentziaga
Antzinako Aldamar jauregia 19. Mendearen erdialdean eraiki zuten. Hain zuzen ere, eraikin honetan bertan igarotzen zuten uda Casa Torreseko markes-markesak eta haien familiak. Cristobal gazteak une ahaztezinak bizi izan zituen toki honetan, eta une horiek eragin handia izan zuten bere etorkizunean.
Balenciaga eraikin honetatik oso gertu jaio zen, 1895ko urtarrilaren 21ean eta Xabian (Alacant) hil zen 1972ko urtean 77 urte zituela, Getariako hilerrian lurperatu zuten. Bere ama, Martina Eizagirre, jostuna zen ogibidez.
Martinak inguruko familia ospetsu batzuentzat egiten zuen lan; besteak beste, Casa Torreseko markes-markesarentzat. Hortaz, sarritan etorri behar izaten zuen Aldamar jauregira, berak egindako jantziak markesaren soinean probatzera. Halakoetan, Cristobal gaztearekin batera etortzen zen askotan Martina.
Bisita horietan, markes-markesaren arropategi paregabea miresteko aukera bikaina izan zuen mutikoak; hots, Londresen enkargatutako emakume-jantzi dotoreak eta Parisen eskuratutako soineko ederrak. Pieza horiei esker bideratu zen Balenciaga joskintzarantz. Amak, gainera, josten erakutsi zion. Beraz, etxe honetan bertan erabaki zuen Cristobal gazteak lanbide giza joskintza hautatzea.
Balentziagarekiko begirunea
Adituak bat datoz Cristobal Balenciaga XX. mendeko moda-sortzaile handienetakoa izan zela esatean. Perfekzionista nekaezina izatean, joskintza teknikak erabat menderatzera iritsi zen, eta bere sorkuntzen joskera hobetzen eman zuen bizitza osoa.
Berrikuntza apartak egin zituen, pixkanaka sinpletasunera eta forma garbietara eraman zutenak. Bere sormen paregabeari esker, itxuraren eta estetikaren aldetik ausartak ziren modeloak egin zituen emakumearen erosotasuna helburutzat hartuz.
Zirrara eragin zuten mundu osoan eta joera nagusi bihurtu ziren denboraldiz denboraldi. Gainerako moda-sortzaileek begirunea zioten lanbidea hain modu miresgarrian menderatzeagatik, eta nazioarteko goi joskintzan bera izan zen erregea, 1968an erretiroa hartu zuen arte.
Aretoak, banan banan

1. Aretoa: Hasierako urteak
Donostiako jostundegi onenetan aprendiz gisa ibili ondoren, 1917an ireki zuen bere goi mailako lehenengo joskintza tailerra, 22 urterekin. 1937an Parisen aurkeztu zuen lehen bilduma, oso arrakastatsua izan zen. Balenciagak gehien miresten zituen sortzaileetako batzuk Chanel, Vionnet eta Louiseboulanger ziren.
Hemen ikus dezakegu Balenciagak joskintza utzi zuen arte bere obraren ezaugarri izandako elementu, eragin eta baliabide batzuk: bizkarraldeko bolumenen esperimentazioa, brodatu bikainak eta historizismorako joera nabariak. Ondorengo argazkian ikusten da Japoniar jantzien eragina izan zuela.

2. Aretoa: Eguna
Balenciagak joskintza teknikak menderatzen zituenez, silueta berritzaileak asmatu zituen, Christian Diorrek 40ko hamarkadaren bukaeran aurkeztutako modelo zurrunekin kontrajarrita zeudenak. Esperimentazio teknikoari lotutako bide luze bat hasi zuen 1947an Kupel diseinua aurkeztu zuenean.
Diseinu honetan nabarmendu barik usten zuen gerria, bizkar gainean arku formako kurba bat eginez. Aurrerago 1955 eta 1957an tunika eta zaku soinekoa sortu zituen. Emakumeentzako Balenciaga silueta berri bat sortu zuen.

3. Aretoa: Koktela
Arratsaldeko bilereretarako erabiltzen ziren soinekoak egin zituen. Estuak izaten ziren gerritik gora eta bolumen handiko gona izaten zuten. 1958an beste bi soineko mota aurkeztu zituen Baby doll izenekoak, silueta trapezoidal sinplea zeukana gerririk gabea, eta bestetik atzetik aurretik baino luzeagoa zena.
4. Aretoa: Gaua
Gaueko soinekoak ospakizun handietarako eta dantzaldietarako erabiltzen ziren, oso gustuko zituen Balenciagak soineko hauek sortzea, ehun aberatsenak, bolumen harrigarrienak eta apaingarri dotoreenak erabiltzeko aukera ematen ziotelako.
5. Aretoa: Emaztegaiak
Balenciagak ezkontza soineko ikusgarri bat erakusten zuen bilduma bakoitzean, aurkeztutako bildumaren espiritua sintetizatzen zuena. 40ko hamarkadako soinekoetan oso markatua zen eragin historizista, 50ko hamarkadan berriz, silueta tradizionalekoak ziren, gerritik gora estuak eta bolumen handiko gonadunak. Aldiz, 60ko hamarkadan soineko sinpleagoak egin zituen, apaingarri gutxikoak argazkian agertzen den moduan.
6. Aretoa: Funtsezko lanak
Jostun bizitzan egindako diseinu funtsezkoenak agertzen dira areto honetan. Aipatzekoa da Coco Chanelek esandakoa: Balenciaga soinekoak hasieratik bukaerara diseinatu, ebaki, muntatu eta josteko gai zen bere garaiko diseinatzaile bakarra zela.