Festarik festa kantari

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko abuztuaren 17a

Udan hiri, herri eta auzo askotako jaiak izaten dira eta aurten ere hortxe gabiltza taldearekin han eta hemengo tokiak erromeriekin musikaz alaitzen. Dagoeneko inguruko probintzietako herritxo ugaritan izan gara; Gipuzkoan Alzolan, Bizkaian Elantxoben, Araban Kexaan, Nafarroan Burutainen eta Burgos inguruak ere pasa ditugu, besteak beste. Primerako giroa aurkitu dugu guztietan.

Furgoneta barruan denbora dezente pasatzen dugu udan taldearekin erromeriak egitera goazenean eta kilometro ugari egin ditugu dagoeneko. Azkeneko bidaia martitzenean egin genuen Burgosera, Cueva de Manzanedo izeneko herrira. Jende oso jatorra aurkitu genuen bertan, gehienak Bilbo ingurukoak ziren uda pasatzera Cuevara joandakoak; familiartekoak bertan daudelako edo euren bigarren etxea bertan dutelako.

Erromeriarekin gauerdian hasi ginen, baina giroa arratsalde partean hasi zen herrian. Sahieski errea eta txorizoa egin zuten bertaratzen ziren guztiendako eta geuk ere izan genuen dastatzeko aukera, mundiala zegoen! Horrekin indarrak hartu ostean, baina, guztiak dantzan jarri genituen eta giro apartaz gozatu genuen. Goizeko 4:00ak pasatxo bukatu genuen emanaldia eta oso gustura gelditu ziren bertaratutakoak nahikoa dantza egin ostean.

Cueva herriko azken emanaldi horrez gain, aurretik inguruko beste bi herritan ere izan gara kantuan: Manzanedo eta Cidad de Ebron. Azken horretan, esaterako, joan zen zapatuan izan ginen eta benetan harritzekoa da herri horrek daukan sarrera.

Zubi luze bat pasa behar da herrira iristeko eta hasiera batean ematen du furgoneta justu-justu pasatuko dela bertatik. Hesirik ere ez dauka zubiak eta nahiko arriskutsua dela ematen du. Hala ere, hesirik ez izateak badauka zergatia: bertakoek kontatu ziguten neguan ibaiak gainezka egiten duela eta ura zubiaren gainetik joaten dela momentu batzuetan.

Bitxikeria horrez gain, beste hainbat kontu ere izan genituen hizpide bertakoekin, baina harritu gintuen beste kontu bat izan zen erromeriarekin hasi eta edozein kantu jota ere, bertakoek tren moduko bat egiten zutela dantzatzeko. Gorputzak ondo astindu zituzten azkenerako horiek ere!

Hurrengo hitzordua bihar, zapatua, daukagu Burgosen baita ere, baina beste zona batean, San Pedro del Monte herrian; bertan arabarrak aurkituko omen ditugu. Seguru festa giroa ez dela faltako han ere!

Hilaren 31n, berriz, Mungian izango gara, Belakon, hain zuzen. Eta irailaren 1ean, zapatua, Irunen. 

Aurretik baina, biharko erromeriaren ostean, hegazkina hartu eta Ibiza aldera joango gara atseden pixka bat hartzera... han ere seguru ez dela faltako festa giroa! Zuek ere aprobetxatu eta ondo pasa!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak