Cangas de Onistik 30 kilometrora dago Pongako kontzejua, Leongo mugatik gertu. Orain arte Asturiasko kostaldean ibili izan gara (Llanes, Ribadesella...), baita Cangasen bertan ere. Baina oraingoan, urruntxoago joan eta inguru paregabea deskubritu dugu, askotariko aukerak eskaintzen dituena. Hain justu, Beleñon egon gara, eta esan daiteke herritxo horretan dagoela mugimendu handien, inguruko herritxoekin konparatuta. Hala ere, oso herri lasaiak dira.
Mendi garaiz inguratuta, ikusten duzuen moduan:
Hainbat herri txikik osatzen dute Pongako kontzejua: Beleño (bertan dago udaletxea), Sellaño, Cazo, Taranes, Sobrefoz... Guztiak ere, oso biztanle gutxikoak. Errepideak egoera onean daude, estuak, baina onak, eta herritxo horietara heltzeko gora eta behera joan beharra dago, baina oso kilometro gutxian dago guztia.
Belenos hoteleko Alvarok etxean bageunde bezala sentiarazi gaitu. Iritsi bezain laster ikusi dugu aukera ona egin dugula ostatua aukeratzen. Ez da hotel konbentzional horietakoa: lau gela dauzka, eta gu geu Recuencu gelan egon gara (inguruko mendien izenak dituzte gelek). Landetxea dirudi, hotela baino gehiago, baina hotel batek eskaintzen dituen erosotasun guztiekin: gosari kontinentalak (zukua, etxeko gozoak, tostadak, hirugiharra eta arrautzak, edari beroak...), bertan bazkaltzeko eta afaltzeko aukera, eta guztia ere goi mailako produktuekin.
Egun baten, afaltzeko, entsalada berezia, hegaluzea eta presa iberikoa zerbitzatu zigun, eta postrerako, turroi-izozkia. Ederra:
Senderismoa edo mendi-ibilaldiak dira Pongako bereizgarri. Lehen eguneko gosarian, Alvarok liburuxka bat eman zigun, eta mapa bat, 18 ibilbide ezberdinekin, eta zailtasun askotarikoak: familian egitekoak (baita ume txikiekin ere), ordu eta erdikoak, baita 8 ordukoak ere. Liburuxkan bertan oso ondo azalduta dago guztia, eta, egia esatearren, guk egin genituen ibilalditxoetan asko disfrutatu genuen, naturaz, haize garbiaz, lasaitasunaz...
Cainavara egin genuena izan da errazena, ordu eta erdian egiteko modukoa. Eta Collada Llomenatik Les Bedulesera egin genuena ere polita izan zen. Zaldiak ere izan genituen lagun, gorostiak nonahi, urtxintxak... Natura, bertatik bertara:
Arratsalde partean, herriko tabernetan txikiteoa. Bablea -asturiera- entzuteko aukera paregabea; herritarrek, lan-jarduna bukatu ostean, lagun artean tragotxo bat hartzeko aprobetxatzen dute. "Orballatzen hasi da!". Bai, ba! Zirimiria ari du...
Beleñon bertan Pongako Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa dago. Eraikin polita, eta aberastasun handia barruan: parke naturaleko fauna eta flora, bertan bizi diren animalien zerrenda eta haien hotsak entzuteko panela, lehengo ohituren erakusketa, lehengo arropa eta ibilgailuak, inguruko mendien argazki eta koadroak, bideo-emanaldiak, eta, ikusten duzuen moduan, lehengo eskola bateko idazmahaira bidaia egiteko aukera ere bai...
Horrenbestez, oso leku gomendagarria da Ponga, lasaitasuna gustuko dutenendako, mendi-ibilaldiak egitea gustuko dutenendako, errepideko bizikletan edo mendiko bizikletan ibiltzea gustuko dutenendako, hango jendeaz eta gastronomiaz gozatzeko. Guztientzako ere, Ponga. Eta, jakina, ostatua aukeratzeko orduan, guk ez dugu zalantzarik hurrengorako ere: Belenos hotela, Beleñon; ez zarete damutuko: