Nafarroa erdian lasaitasun bila

Mirari Altube Arrese 2012ko abu. 16a, 11:00

Opor egunak lasaitasunerako egunak izatea aukeratu dugu eta horren bila Nafarroa erdialdera jo, Mendigorriara, hain zuzen. Lasaitasun hori izateko, baina, umeen eta helduen gustuko planak egin behar.

Gari eta garagarrarendako bikaina den lur gorriak inguratutako eta abuztuko eguzki indartsuak berotutako paraje zabalean dago Mendigorria. Herritarrek diote eliza eraikitzen ari ziren garaian kanpandorrea bukatu aurretik ur barik geratu zirela. Zelan bukatuko orduan eta ardoarekin nahastuta egin omen zuten egunotan konpontzen dabiltzan dorre dotorea.

Mendi garairik, ez baina bizikletan eta oinez ibiltzeko ibilbide ugari eskaintzen ditu. Herritik oso gertu, esaterako, Andelos erromatar hiria dago. Kristo osteko IV. mendera arte bizi izan zen bertan erromatar talde bat, eta azken urteotan haiek utzitako aztarnak berreskuratu guran dabiltza.

Ura herrian banatu aurretik (handik 3 kilometrora zegoen ur depositutik ekarri ostean) gordetzen zuten putzuaren hormak oso egoera onean daude, eta herrian bertan topatutako txanponak, ontziak eta beste hainbat lanabes daude jasota museo txikian. Herriak garai hartan zuen itxura ere berreskuratu dute.

Gure umeek, baina, ibilaldiak egitea baino gurago dute lagunekin egotea. Eta hori ere eskaintzen du Mendigorriak. Errota kanpineko igerilekuan busti eta jolasean jardutea bezalakorik ez dago asteotan egin duen beroari aurre egiteko.

Edo Nafarroako edozein herritako jaiak aprobetxatu, Lizarra dela, Tafalla dela, eta jai giroan murgildu.

Abuztuko gau dotoreak izarrei begira egoteko aprobetxatu, eta zergatik ez izarrei begira lo egin.

Izan ere, abuztuan dena da posible. Baita umeak gustura dauden bitartean helduok lasaitasunerako tartea hartzea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak