22 gradu eta hego-haize apur bat, mesedez

Txomin Madina Milikua 2012ko abuztuaren 10a

Oporretan, etxetik urrun bidaian ematen ditugun egunak daude. Beste egun batzuk bereziak dira, jairen batzuetara goazelako edo aurrez planeatutako zerbait egingo dugulako. Eta gero ezustekoak daude; hasiera baten egun arrunta izatea aurreikusten duzun egun hori, eta azkenean Tunezera egingo duzun bidaia edo Gaztelugatxerako bisita bezain ondo gogoratuko duzuna.

Egun hori uste baino beranduago has daiteke, atzo gertatu zitzaizun bezala. Iratzargailua 09:30etan jarri arren, ohetik altxa orduko eguerdia zen. Eta zer demontre? Oporretan zaude... Etxekolanek baina, ez dute itxaroten. Termometro guztiak gori-gori jarriko dituen bero bolada ekiditeko ba al da aitzakia hoberik? Kamiseta tirantedunak edo urtean zehar ikusi ere egiten ez dituzun prakamotzak plantxatu bitartean, telebista martxan, eta bertan, uda honetako izarrak: Londresen urrearen bila dabiltzan kirolariak.

Kasu honetan gimnasia erritmikako finalean sartu gura duten neskak ari ziren lehian; zintarekin, uztaiarekin zein pilotarekin. Eurak fantasiazko koreografiak egiten eta zu ahobete hortz. Aurrekoan Usain Bolten 100 metroekin edo badmintoneko partidu harekin geratu zinen bezalaxe.

“Bidea dagoeneko ondo ikasi dugunez, zer, gaur ere hondartzara Oriora?” laguna telefonotik galdezka. “Bai, baina gaur lehenago, bestela berandutuko zaigu-eta” zure erantzuna. Eta hantxe joan zineten biok autobidean aurrera, barrualdeko berotik kostaldeko freskotasunera. “Zer da zarata hori?” laguna berriz galdezka. “Ez dakit; gurpilak akaso?” zalantzazko erantzuna. Ondoren eztanda. Eta zarata ozenagoa. Agur aurreko-eskuineko gurpilari! Lainoak zeruan? Bat ere ez! Gidabaimenik izan ez arren zuk ez bezala gurpila aldatzen dakien lagunari esker (hau da marka eta lotsa!), Oriora osorik helduko zineten.

Urtzear hori bai: egon al da inoiz hain bainu desiraturik? Hiru olatu handi eta guzti sari moduan! Hori bai, kontuz zure jauzi, 100 metro libre eta igeriketa sinkronizatuko ariketekin. Zure inguruan al zeuden diren ume eta guraso guztiak? Norbait zapaltzeko beldurrarekin irten zinen uretatik. Baina baita beroari irabazi izanaren sentipenarekin ere. Inon diren tontakeriarik handienen inguruko solasaldien, kuluxken eta gainerakoen artean zortziak gainean. Etxerako ordua!

Horrelako egunak agintzen duen moduan entsalada eder bat afaldu, dutxan berpiztu  eta kafe hutsa izotzarekin hartzen zeundela konturatu zinen biharamunean ere ez zeniola  iratzargailuari kasurik egin beharko. Eta oroitu zinen zerua garbi zegoela, abuztuko lehen asteetan gaudela eta gazteleraz esaerak dioen moduan, San Lorentzo negarrez dagoela. Perseidak. Zerua zeharkatzen duten izar iheskorrak ikusgarrienak diren garaia da. Autoa hartu, eta oporretarako oraindik ere ordutxo batzuk geratzen zaizkion lagun gaixoa jaso ostean bidean gora egin zenuen: gizakion argiak ikusten ez diren lekura, zerukoak bakarrik nabari dituzun tokira. Eta denbora luzez aho zabalik egon zinen izar iheskor horien ehizan. Herenegun bost ikusi zenituen. Bart hiru bakarrik. Ez du inporta. Han goian egon  zinen ordu-erdia ez dizu ezerk kenduko.

Etxera bidean gaur egun ona izan dela kantatzen dizu Emiliana Torrinik irratitik. Eta zuk baietz zenioen buruarekin. Ados zaude. 22 gradu kanpoan, eta hego-haize apur bat. Bai, erabaki duzu, ahal bazenu, beti puntu horretan egongo litzateke termometroa. Baina bada eguna borobiltzerik. Nola? Azken urte erdi honetan ikusteko izan duzun telesail horren azken atala ikusiaz. Zer egingo du Alik, amarekin geratuko da ala izarretako gizontxoekin joango al da?

Eta bukatu zen. Gustatu zitzaizun amaiera. Eta gustatu zitzaizun eguna. Aurretik ere izan dituzu horrelakoak. Aldatu Orio herrian bertan unibertsitatera egindako bisita gidatuagatik. Edo telesailaren azken atala hainbeste gomendatu dizuten liburuaren lehenengoagatik. Gaueko kafea atzerrian bizi eta egunotan herrian dagoen lagunarekin izandako solasaldiagatik. Eta gauza asko geratzen zaizkizu egiteko. Gogoratzen logela ordenatuko zenuela, edo aurten bai, aurten Urbiara joango zinela zenioen egunaz?

Datorren astean ehunka kilometrotara egongo zara bidaian, eta oso ondo seguru asko. Bizpahiru astetan aldiz, berriz lanean. Eta eskerrak! Baina gaurko eguna hor geratuko zaizu. Gurpil haustura, gimnasta errusiar, harea eta izar iheskor momentuak barne.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak