Gorabeheratsuak, bai, baina ederrak ere bai, eta aspertzekorik barekoak. Oporrak opor, ezer larririk gerta ezean.
Lale Cubinoren herrian
Uztailaren 29an, domeka, atera ginen Cadizerantz Bergaratik. Goizaldeko 4:30ean. 09:00etarako Bejarren geunden, Salamancan, 90eko hamarkadan nabarmendu zen Lale Cubino txirrindulariaren herrian. Ozta-ozta ailegatu ginen hara, ordea; gehiago ezin zuela, pot egin zuen autoak. Gasolindegi ondoraino ailegatu ginen. Aseguruari arazoaren berri eman eta hark garabiari.
Goizeko 9ak. Bidaiaren erdian eta auto barik. Domeka izaki, hurrengo egunera arte, ez genuen jakingo aberiaren berri. Egun guztia aurretik. Aseguruak hotel bat jarri zigun.
Bejarreko igerileku bikainak
Zer egin?
Planik onena, Udal igerilekuetara joatea. Ederrak Bejarreko Udal igerilekuak. Pizina olinpiko eta guzti! Eta belardi zabal eta ondo zainduarekin. Bejarreko mendilerroa parez pare. Han igaro genuen eguna. Bazkaldu ere bai: pizzak, bertako txiringitoan.
(Bejarreko igerilekuetan)
Aberia potoloa
Hurrengo egunean, 9etarako Opeleko tailerrean nengoen. Autoak zer zeukan jakin bezain laster abisatuko ziguten. Eguerdian jaso genuen deia: "aberia potoloa da. Injektoreak aldatu beharko zaizkio. 2.000 euro inguru. Bospasei egunetarako badugu hemen". Ai, ama!
Zer egin, baina?
Bidaiaren erdian, Salamancan, galduta. Auto barik. Zer egin behar genuen astebete han?
Agur Grazalemari
Lehenengo erabakia: Grazaleman hartuta geneukan hotelera deitu eta erreserba bertan behera laga. Pena handia hartu genuen, ondo egoten baikara han, bizpahiru egun. Lasaitasunean, paraje ederraren erdian, mendialdean.
(Grazalemako Fuerte Hoteleko pizina)
Autoa alokatu eta Cadizera
Bigarrena: auto bat alokatu eta Conilera bidaiatu, opor lekura. Sikiera, hondartzan egongo ginen. Eta aseguru etxeari eskatu autoa Salamancatik Jerezera eroateko. Hantxe konponduko genuen…, konpontzekotan.
Dena den, hamar bat egun egongo ginen auto barik: Salamancatik Cadizera, "egun batetik sei egunetara bitartean", aseguru etxean esan zigutenez. Eta konpontzeko beste bost bat egun.
San Inazio egunean ailegatu ginen Conilera, Salamancan alokatutako Skoda Felicia autoan, eta hurrengo egunean sartzen ginen alokatutako etxean, 15 egunetarako, Fuente del Gallon. Fontanillako estudio batean pasa genuen gaua.
160.00 kilometro
Zer egin, baina, autoarekin?
Opel Zafira bat daukagu. 160.000 kilometro. 9 urte egin zituen uztailean. Ez da lehenengo aldia oporretan izorratzen dena. Ez oraingoan bezain aberia larriarekin, halere. Eta aurten, dagoeneko, hiruzpalau bider eroan dut garajera. Ez zait oso ona atera. Eta bero-bero nengoen aldatzeko. Geroago eta gehiago gastatzen dihardudalako konponketetan eta autoaren balioa, egunetik egunera, txikiagoa delako.
Sasoi egokia ere bada autoa aldatzeko: krisiagatik ez da apenas saltzen eta eskaintzak inoiz baino hobeak dira. BEZaren igoera berehalakoak ugaritu egin ditu eskaintzak.
Auto berria: 'Peugeot momentuak'
Eta, hala, Peugeot etxearen eskaintza ikusi nuen telebistan, Momentos Peugeot lelokoa: 5.000 euro, auto zaharra utzi eta berria erostearren. 5.000 + 2.000 autoa konpontzearren ordaindu beharko nukeena? Eskaintza ona da. 7.000 eurogatik ez nuen inoiz salduko nire Opel Zafira 2004koa. Eta zeini saldu, gainera? Ezagunen bati? Lagun bati? Ez!
(Auto berriaren katalogoko argazki bat)
Interneten murgildu, eskaintzaren gainean informatu, autoa ikusi, ezaugarriak… Peugeot 5008a da autoa.
Jerezeko Ibericar Motorsera deitu, hara hurbildu…, eta erostea erabaki nuen. Autoa finantzatzeko tramiteak egin… Prest: niretako 5008 Active 1.6 HDI 110 cv, Beltz Perla Nera metalizatua. Matrikulazioko eta bestelako paperak egin ostean, astebete barru jasoko nuen auto berria. Bihar-edo espero dut hartzea. Baina, hartu bitartean, beste bat utzi ziguten. Eta eskerrak horri. Bestela, opor guztiak auto barik.
Garraio publikoan
Ez naiz garraio publikoan asko ibiltzekoa. Bilbon karrera ikasten nenbilela ibili nintzen asko. Gerora, ez. Baina oporretako hasierako egunotan harantz eta honantz ibili naiz: autobusean, trenean, taxian… Eta baita alokatutako autoan ere.
Bejarreko, Salamancako, Jerezko, Cadizeko, Conileko… bus eta tren geltokiak, eta aireportuak, ezagutzeko aukera izan dut. Ordu txikietan ere bai. 7:30ean, esaterako. Disfrutatu dut. Orduak joan zaizkit bidaian edo zain.
Ikusi ditut gaupaseroak, hara eta hona zenbiltzanak; bidaiari, gehienbat, gazteak eta, batik bat, neskak: prakaka motz-motzak soinean.
Uxue Barkos kaskamotz
Autobusean eta trenean, egunkariak irakurtzeko eta musika entzuteko astia izan dut, Uxue Barkosi El Pais egunkarian egin zioten elkarrizketa polita, esaterako. Politikan sartutako kazetari nafarra ikusi dut, aspaldiko partez, buruan zapi barik, ile motz-motzarekin.
Liburu batzuk ere ekarri ditut oporretan irakurtezko. Eguzkitan, hamaka gainean, leitzea aukera ona da...
'Haizea garizumakoa'…
Primeran etorri zait i-poda hara-honako bidaietan. Ruperren Haizea garizumakoa abesti bikaindunekoa entzuteko, esaterako. Oñatiarraren disko onenetakoa da, lehen bien mailakoa. Zerikusirik ez azken erdipurdikoarekin. 14 urte nituela deskubritu nuen Hautsi da anphora, kaleratu berritan (1980), Durangoko Azokatik gurasoek ekarrita, Mikel Laboaren Lau bost-ekin batera. Zelako bi disko!
Aurreko urteetan, tokadiskoaren orratza izorratzeraino entzun nituen batez ere Itoizen lehena (1978) eta baita Errobiren Bizi bizian (euskal musikaren lehen zuzenekoa), hurrengo urtean.
90eko Seattleko grungea
Entzun eta entzun ibili naiz, era berean, nire bus eta tren bidaietan, Sreaming Trees-en aspaldikoak, Sworn and Broken (handia abestia eta Lanegan bera) esaterako…
Edo Radioheaden The Bends, OK Computer eta Kid A, lehenengo biak bereziki, bestearekin hasitako esperimentazio diskoak ez baititut horren gustuko… Eta Pj Harvey-ren azkena, Arcade Fire, Yo la Tengo, Kings of Leon… Eta, zela, ez: Wilcorenak ere bai, berrienetik atzera…
Hareatza amaigabeak
Eguraldia, hondartzak eta gastronomia dira Cadizeko onenak. Eta Jerez eta Sanlucarreko ardo zuriak ere bai: mantzanilak, finoak… Eta cadiztarrak, jatorrak, graziosoak. Paraje polita da, kostaldekoa eta baita barrualdea ere. Bereziki, Chiclanatik Tarifara doan kostaldea.
(Boloniako hondartza)
(Boloniatik Punta Palomarantz)
Levante gutxi
Haize zakar beroa, Levante deitzen dioten hori, ez dugu atzora arte izan. Fresko egin du, oro har, eta olatu ederrak izan ditugu itsasoan.
Palmarreko eta Boloniako hareatza amaigabeetan ibili gara. Boloniatik Valdebaquerosera (hango PPko alkateak, itsas-ertzean hotelak-eta eraiki nahi dituelako protestatan dabiltza egunotan) doan itsas ertzetik, hondarretik, ibilaldia egin nuen herenegun. Punta Paloman barrena-eta. Sekulako parajea. Hareatza eta haitzak. Patera askoren helmuga. Izan ere, Afrika dugu muturren aurrean.
(Valdebaqueros, duna ederrarekin)
Cadizeko retinto okelak
Jateko toki on asko daude Cadizen. Atzo, esaterako, Vejer (zelako herri polita) ondoko Castilleria jatetxean elkartu ginen lagunak. Muniategiandikoetxea anaiak hemen dira. Josetxo eta Argiñe, urterokoak, Zahoran. Manu, Jaione, Jone eta Lide ustekabean agertu dira hemen. Isil isilik. Hauekin ez dago jakiterik nondik nora dabiltzan…
(Uxue, Vejer atzean duela)
Okela onak jan ditugu Castillerian. Aukera zabala dute: Avilako, Galiziako, Cadizeko… okelak, txahala zein behi eta idi zaharrenak. Baita bertako retinto behienak ere. Bikainak!
Jan eta edan, nonahi
Denetik eta onetik dago jateko hemen. Hondartzako txiringitoak dira aukera ona. Conilen bertan, Fontanillako hondartzan, Francisco eta Fontanilla, Conileko badiako arrain fresko ugarirekin. Baina herri erdian ere aukera ugari dago, kalean. Merke eta on. Ohiko taskak. Modernoagoak ere bai, sukalde zaindukoak…
Cadizen, ezinbesteko bisita dira Balandro, kamaroi tortitak jateko, eta Casa Manteca, iberiko ederretarako; Vejerren, Gadir, sekulako bistekin, jatetxe bihurtutako haize-errotan (parapentean jaurtitzen dira bertatik); Palmarren, Franciscon, oso paella onak; Zahoran, Casa Juan, zuzeneko musikarekin… Zahara de los Atunesen ere nahi beste taska eta txiringito.
Eta Conileko azokan ere bertako barazki eta arrain fresko on eta ugari aukeran. Ez da merke-merkea, baina kalitatea eta eskaintza parerik bakoa dira.
Musika zuzenean
Eta trago bat hartzeko (hemen eta orain, onena, ron zaharrarekin egindako mojitoak), El Dorado Palmarren. Zuzeneko musika, giro ederrean. Iaz Carlos Jean disko jartzaile eta produktorea ikusi genuen hemen. Aurten, flamenko-popeko laukote bat, Pata Negra, Kiko Veneno eta halakoen antzekoa. Eta, bertan topo egin genuen beheko argazkiko troupe bereziarekin ere...


(El Dorado, El Palmarren; musika zuzenean bai, baina beste edozer topa dezakezu bertan)
Auto berriarekin etxera
Honaino, gure oporren lehen zatiaren kronika laburtua. Hemendik aurrera, gehiago, auto berria estreinatuta. Seguruen, bihar jasoko dugu, matrikulazioa eta bestelako paper guztiak egin ostean. Harekin egingo dugu itzulerako bidaia. Ea joanekoa baino hobeto ateratzen zaigun… Kontatuko dizuet.