Hirugarren abuztua dugu Lizarran, eta festekin eman diegu hasiera oporrei. Goizero egiten dute entzierroa, eta jarraian bigantxak ikustera joan ohi da jendea zezen plazara. Ez gara goizero herrira jaitsi, baina pare bat aldiz jaistea nahikoa izan da egunotan haurren jolas gustukoena entzierroetara jolastea izateko.
Bigantxak amaitutakoan, haurrendako entzierroa egiten dute kartoizko zezenekin, eta aurten ikusi ahal izan dugunez ez da Lizarrako ohitura soilik. Lodosan ere izan gara, eta bertan ere egiten dute. Badakizue... zaletasunak txikitatik bultzatu behar dira.
Erraldoi eta buruhandien konpartsari ere garrantzi handia ematen diote Lizarran. Egunero iblltzen dira kalean gora kalean behera horiek ere. Eta gauean... suzko zezena dute egunero. Hori ere haurrendako pentsatua; plaza nagusian zirkuitu borobila egiten du, beti ibilbide berdina eta erritmo berean. Jendetsa biltzen da.
Nafarroan festetan
Lizarrako jaiak amaitu dira, baina Nafarroan nonahi dituzue jaiak abuztuan. Lizarrako turismo bulegoan, esaterako, Tafallakoak gomendatzen dituzte egunotan, eta entzierro berezi-berezia ikusi nahi dutenendako Faltzes herrikoak.
Bestelakoan, Lizarra inguruan badago zer ikusia. Urederra ibaiaren iturburua (Bakedano herritik abiatuta), eta Eunateko ermita gomendatuko nituzke. Zudaireko bainutokia ere aurten ezagutu dugu, eta primerakoa da.
Eta lerro hauetatik agur berezia Iratxeko kanpinean oporretan dauden debagoiendarrei; asko gara, eta gehienok urtero ikusten dugu elkar.