Katalunian dago Vic, Gironako Osona eskualdean, eta xarmadun lekua dela iruditu izan zait beti, ezagutu nuen lehen egunetik: Erdi Aroko ukituarekin, tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu eta hamaka zirrikitu ditu ezagutzeko modukoak: plaza, kaleak, eraikinak, kanpotik ikusita bitxitegiak diruditen harategi-urdaitegiak, txokolatez egindako produktuak artelan moduan aurkezten dituzten gozotegiak, giro berezian afaltzeko txokoak…
Azoka
Martitzen eta zapatutan azoka egiten dute hondarrezko plaza nagusian eta hantxe hasi genuen eguna. Saltzaileek ekarritako produktuek eta horiek eguzkitatik babesteko jarritako toldoek kolorez jantzi zuten plaza. Fruta eta barazki, arropa, apaingarri, etxerako tresnak… aukera zabala egoten da bertan. Eta saltzaileen artean ere denetik: hasi baserritarretatik eta ijitoetaraino; azken horiek oihuka, noski, eta badu horrek ere bere “grazia”.
Zerbait hartzeko
Eguerdian atseden hartuta, han ginen berriz arratsaldean, trago batzuk hartzera joateko ere ez baita leku txarra.
Terraza batean bat eta tabernaren kanpoko aldean hurrengoa ere: La Jazz Cavan. Gure kuttunetako bat da. Kontzertu dezente izaten dira bertan, Vic-eko Jazzaldiko emanaldiak tartean, eta zapatuan ere ez zen musikarik falta: Bartzelonako Blave taldeak jo zuen. Ez genuen talde horren berririk, baina gustura entzun eta ikusi genuen.
Gosetuz gero
Handik Borgonyára joan ginen, inguruko herri txiki batetara, lagun batzuk eurenera gonbidatu ziguten-eta afaltzera. Gonbidapenik ez eta Vic-en geratu izan bagina, berriz, Bohemi edo Dues Olles-en artean aukeratuko genuke, adibidez. Merke-merkeak ez, garestiak ere ez: pika-pika erara, pare bat lagunena 50 euroren bueltan. Txoko politak biak ala biak.
Noiz ez dakit, baina luze baino lehen itzuliko naiz; Vic-era, gustura beti. Ah, eta joaten bazarete, ekarri fuet edo txorizoren bat, oso ospe ona dute-eta!