75 urte bete dira aurten, apirilaren 24an, faxistek Elgeta hartu zutela. 1936ko irailean Bergara hartu ostean, Elgetan ezarri zuten frontea milaka miliziano eta gudarik, eta zazpi hilabete igaro ziren Elgeta indar faxisten esku erori aurretik. 1937ko apirilaren 24ra arte iraun zuen borrokaldiak; egun horretan hartu zuten Elgeta Francoren tropek eta Alemania eta Italiatik etorritako militarrek. Hain zuzen ere, hilabete horietako borrokaren berri eta bertan bizi izan zuten sufrimendua ezagutzeko egin beharreko bisita da Intxortako magalekoa.
Espaloian kokatuta dagoen Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan eman zizkiguten lehen argibideak bertako maketa batean (non kokatu zen frontea, faxisten erasoak nondik etorri ziren...) eta, ondoren, gerrako zenbait lekukoren hitzak jasotzen dituen 40 bat minutuko dokumentala ikusi genuen Espaloian bertan. Gerra bizi izan zutenen lekukotasuna jasotzea hunkigarria izan zen, jakinik, gainera, bideoan ageri diren asko hilda daudela gaur egun.
Bideoaren ostean ekin genion ibilbieari. Zazpi hilabetetan zehar Elgetak jasandako erasoen nondik norakoak eta elgetarrek zein bertan bildutako milizianoek bizi zutena kontatu zigun Iraitzek. Asentzioko lautadako erasoak, elgetarren gordelekuak, erabili zituzten taktika militarrak, erasoaldiak, milizia osatzen zuten bataloi ezberdinen arteko ezadostasunak, Intxortako magaleko lubakiak... Hori guztia bi ordu eta erdiko ibilaldian.
Bisiten inguruko informazio gehiago duzue www.elgeta.org webgunean.