Hego Euskal Herrian eta Espainian, inoiz baino langabe gehiago dago

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 27a

Hego Euskal Herrian eta Espainian, inoiz baino langabe gehiago dago: 5.693.100, hain zuzen ere, %24,63ko langabezia tasa, Espainiako Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera. Espainiako Estatistika Erakundeak jakinarazi ditu datuok.

Urteko bigarren hiruhilekoan, 53.500 langabe gehiago egon dira (+%0,95). Aurreko hiruhileko langabezia tasa %24,44koa izan zen.

Populazio Aktiboaren Inkestak uzten duen inoizko datu txarrena da honakoa. Orain arteko langabezia tasa handiena 1994ko lehenengo hiruhilekoa zen: %24,55. 1976. urtea ezkero, datu txarrena da hori.

Apiriletik ekainera bitartean, 15.900 lanpostu suntsitu ziren, eta 17.417.300 langile geratu ziren, 2003ko hirugarren hiruhilabetea ezkeroko kopuru txikiena.

Gainera, enplegu-datuek txarrera egin dute 2011tik. Iazko apiril eta ekain artean 151.400 lanpostu sortu ziren, eta 76.500 lagun gutxiago zeuden langabezian.

Nabarmena da gizonezkoei eragin diela gehiago langabeziak, izan ere, 70.000 gizonezko geratu ziren lanik gabe; emakumeak, berriz, 16.400.

Arrasaten, 65 langabe gutxiago

Bestalde, Arrasateko Udaleko Enplegu Sailak herriari dagozkion datuak eman ditu, SEPEk (Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak, lehengo INEMek) emanda.

Horien arabera, aurtengo ekainean martxoan baino 65 langabe gutxiago zegoen Arrasaten: %12,74ko langabezia tasa.

Gizonezko eta emakumezkoen artean, kopuruak oso antzekoak dira.

Sektore ekonomikoen arabera, langabe gehien dituztenak zerbitzuen sektorea (735 langabe) eta industria (361 langabe) dira. Aurreko hiruhileko datuekin alderatuta, industriako langabe kopurua gutxitu egin da, eta zerbitzuetakoa berriz, handitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak