Elgetako eta Aretxabaletako udalek gaur sinatu dute 2011ko Foru Fondoaren erdia itzultzeko mailegua

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko uztailaren 26a

Aretxabaletako udalak 228.800 euro eskatu ditu, eta Elgetako udalak 38.000 euro.

Gipuzkoako 12 udalek eskatu dute 2011ko Udalen Finantzaziorako Foru Fondoa itzultzeko mailegua, eta gaur goizean sinatu dute operazioa Ogasun eta Finantza Departamenduaren Donostiako bulegoetan.

Udalak dira Altzaga, Aretxabaleta, Ataun, Azkoitia, Elgeta, Gaintza, Hernani, Pasaia, Urretxu, Villabona, Zaldibia eta Zumaia.

Nafarroako Rural Kutxarekin

Gaur sinatu dena udal horien eta Nafarroako Rural Kutxaren arteko mailegu sorta izan da. Aldundiak negoziatu du finantzazioa, eta udalek 2013an eta 2014an amortizatu beharko dute mailegua. Hiruhilabeteko Euribor tasari %3,43 diferentziala gehitu behar zaio, alegia, lehen epean %3,865ko interesa aplikatuko zaio maileguari. Guztira, maileguak 2.407.000 euro izango dira; Aretxabaletako udalak 228.800 euro eskatu ditu, eta Elgetako udalak 38.000 euro.

Gainerako udalen moduan mailegua jasoko duten Aretxabaletako zein Elgetako udalek plangintza ekonomiko-finantzarioa aurkeztu dute. Era berean, onartuta dituzte 2011ko likidazioak eta 2012ko aurrekontua.

Sinadura ekitaldian Helena Franco Ogasun diputatuak maileguaren berri eman die alkateei, eta Aretxabaletako alkate Ana Bolinagak adierazi du udalen eta Aldundiaren artean sintonia ona dagoela adostasunetara iristeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak