Lau herriko titularrek babestutako etxebizitza betirako erosteko aukera izango dute

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 26a

Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñatiko hainbat babes ofizialeko etxebizitza betirako erosteko aukera izango dute haien titularrek. Denetara, 400 finkaren lurra erosteko deialdia egin die Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak. Irailaren 3an irekiko da epea eta 50.000 euro arteko errenta dutenek izango dute eskubide hori.

Francoren garaietatik erabili izan da Babes Ofizialeko Etxebizitzaren formula, hainbat legerekin araututa. Azken 15 urteotan, ohikoa izan da etxebizitza horiek azalera eskubidean saltzea, hau da, Eusko Jaurlaritzak lurraren jabe izaten jarraituta eta esleitu eta 75 urtera etxebizitza berreskuratzeko eskubidearekin.

Dena dela, azken urteoetan eta krisia dela-eta, erakundeak gero eta diru gutxiagorekin geratu dira eta diru-iturri bat izan da etxebizitza horien lurra ere bertan bizi direnei saltzea.

Hirugarren salmenta

Horrelako hirugarren deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzak. Azken bi deialdietan, 39.000 euro arteko diru-sarrera ponderatuak zituzten titularrei saldu izan die etxebizitza, garajea edo lokala betirako. 4.500 bat titularrek erosi dute horrela etxebizitza, 12.000 eta 20.000 euro artean inbertituta.

Datorren irailaren 3an, 50.000 euro arteko errentak dituzten titularrei emango die aukera hori.

Debagoienean, hauek dira deialdian sartuko diren etxebizitzak:

Arrasaten, Nafarroa Etorbideko 8. eta 10. zenbakiak eta Txaeta Kaleko 5. eta 7. zenbakiak: 223 finka, garajeak, lokalak eta atxikipenak dituzten etxebizitzak zenbatuta.

Bergaran, Eskusarte kaleko 5., 7. eta 9. zenbakiak eta Artzamendi Kaleko 12., 14., 16., 18., 20., 22., 24., 26. eta 28. zenbakiak: 141 finka.

Eskoriatzan, Intxaurtxueta kaleko 20. zenbakia: 12 finka.

Oñatin, Bidebarrieta kaleko 22. eta 24. zenbakiak: 24 finka.

Etxebizitza Sailak Arrasaten dagoen Deba Garaia higiezinen agentzia (telefonoa: 943 77 13 02) izendatu du Debagoienean informazioa emateko. Esandako etxebizitzetako titularrei erosketaren edo ez erostearen ondorio juridiko-ekonomikoez informatuko die; baita kostearen eta finantzazioaren gainean. Horretarako, batzar informatiboak deituko ditu irail hasieran.

Eusko Jaurlaritzaren erabaki horiek polemika handia sortu dute, babes ofizialeko etxebizitzak zergen bidez finantzatutakoak diren neurrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak